Kultur sorkuntza Aiaraldean

‘Zezena eta umea’ film laburra grabatu dute Orozkoko Bengoetxea auzoan

Aimar Gutierrez Bidarte 2025ko api. 4a, 16:00

Ane Pikaza eta Aitor Borobia aktoreek protagonizatuta, Zezena eta umea film laburra grabatu zuten iragan astean Orozkoko Bengoetxea auzoko baserri batean. Igor Garcia zuzendariaren lanak "bigarren aukerak" ditu hizpide.

1960. hamarkadan girotua, familia txiro baten aurrera ateratzeko ahalegina du hizpide Igor Garcia zuzendariaren film labur berriak. Iragan asteburuan Orozkoko Bengoetxea auzoko baserri batean grabatu zituzten hainbat eszena.

Zuzendaria izateaz gain, gidoilaria ere bada Igor Garcia. Hain zuzen ere, bere familian gordetako istorio bat du ardatz ikus-entzunezkoak. "Erreferentzia oso argia egin nahi izan diot nire familiari. Familia umil batetik nator ni, eta sustraiei buruz hain ondo hitz egiten zuen istorio hori berreskuratu nahi nuen, bigarren aukeren ideia lantzeko", azaldu dio zuzendariak Aiaraldea Komunikabideari. Pertsonaien eta istorioaren "zaurgarritasunean" egin du azpimarra Igor Garciak, eta "pozik" azaldu da orain arteko emaitzarekin.

Ane Pikaza eta Aitor Borobia aritu dira aktore lanetan. Ekoizpen buru, aldiz, Txemari Ortiz de Luna tertangarra egon da, eta baita Amurrioko beste hainbat kide ere. Nola edo hala, tokiko zigilua ere badarama Zezena eta umea film laburrak.

Orozkon eta Mallabian

Bilaketa sakon baten ostean, Orozkon eta Mallabian topatu zituzten filma grabatzeko agertoki egokiak. Txemari Ortiz de Luna ekoizlea egon da bilaketa lan horietan. Azkenean, bi udalerrietako bi baserriak nahastuz lortu dute fikzioaren erdigunea izango den etxea sortzea.

Orozkoko Bengoetxea auzoko baserrian sukaldeko eta logelako eszenak ekoiztu dituzte, baita idi batekin grabatutako eszena luze eta korapilatsu bat ere. Mallabiako lokalizazioan, aldiz, kanpoaldeko planoak grabatu dituzte nagusiki.

Hizkuntzaren garrantzia

Euskaraz filmatu dute pelikula, bizkaieraz hain zuzen. Igor Garcia zuzendariak garrantzia berezia eman nahi izan dio hizkuntzari, eta teknikari baten laguntza izan dute bizkaiera ahalik eta zuzenen baliatzeko. Ane Pikaza aktoreak "erronkatzat" jo du film laburrean hizkuntzak izan duen trataera: "Guretzako erronka handia izan da. Bizkaitarrak izan arren guk batuaz egiten dugu berba nagusiki. Konturatu gara oso galduta daukagula bizkaiera eta zenbait gauza berreskuratzeko beharra ikusi dugu".

Lanari buruz galdetuta, oso positiboki baloratu du Pikazak orain arteko prozesua. "Nik aspaldi jaso nuen gidoia, eta hasieratik asko gustatu zitzaidan proposamena", azaldu du aktoreak, "proiektuak aurrera egin duen modu berean, Igorrek aurkikuntza berriak egin ditu. Polita izan da prozesua ikustea. Oso eskuzabala izan da gure proposamenak entzuterako orduan".

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu eta horretarako baimenak eduki behar dituzu. Sartu komunitatera!