Gaur bertan jakinarazi du Orozkorockeko antolakuntzak zein talde hautatu duten bere ibilbideari amaiera bikaina emateko. Hain zuzen, Bizardunak izango da jaialdiaren azken edizioko talde izarra.
The Pogues erreferente duen folk talde nafarrak Aiaraldea txertatu du bere agur biran, Azken iraina izendatu dutena. Izan ere, musika banda aspaldi desagertu zen, baina aurten azken bira egiteari ekin diote eta horrela bere alea jarriko diote Orozkorockeko agurrari ere.
Maiatzaren 24an ospatuko dute azken jaia eta Swamp Stringband, Arene 6, Nevadah, Barrrk, Moonshine Wagon eta AK & LA Woman talde eta DJekin osatu dute kartela.
Sarrerak erosteko bi modu daude, Itxina tabernan edo webgunean. Berez, musika emanaldiaren prezioa 15 eurokoa da, baina herri bazkaria ere egingo dute eta bi ekintzetan parte hartzeko 25 euro ordaindu beharra dago.
Antolatzaileek otsailean aurreratu zuten azken edizioa izango zela, dirulaguntzak eskuratzeko zailtasunak gero eta handiagoak baitira. Halaber, zazpi urtez jaialdia prestatu eta gero, nekea eta errelebo faltaren zama ere nabaritu dute sustatzaileek.