Orozkoko Udala eta Museoa antzinako argazkien erakusketa prestatzen ari dira, eta herritarren parte hartzea ezinbestekoa izango da.
Hortaz, orozkoarrei luzatu diete deia, dituzten argazki zaharrak eta ez hain zaharrak partekatzeko, 2000 urtera artekoak izan baitaitezke. Ekainaren 13ra arte egongo da hori egiteko aukera, eta Orozkoko Museoan edo Blas de Otero gizarte-etxean utzi daitezke. Bertan, irudiaren kopia egingo dute eta jabeari itzuliko diote.
Bildutako argazkiekin erakusketa bat atonduko dute gero Museo Etnografikoan. Proiektuan parte hartzera gonbidatu diete herritarrei, "guztion artean garai batean bizitako momentuak berreskuratzeko".