Bertsolari Beteranoen Sariketea antolatu dute Orozkon eta maiatzaren 17an egongo da jokoan. Lehiaketak hiru kanporaketa izango ditu goizean eta eguerdian eta finala sei bertsolarik jokatu dute bazkalostean. Berez, tokiko bi herritar arituko dira lehian: Juanjo Respaldiza orozkoarra eta Serapio Lopez baranbioarra.
Lehenengo kanporaketa Supelaurren egingo dute 11:00etan eta han izango dira Julen Arzanegi, Asier Otamendi, Josu Landeta eta Ricardo Gonzalez de Durana.
Bigarrenerako Kalakan-Batzokia hartuko dute 12:00etan eta Jean-Louis Harignordoquy 'Laka', Andoni Zelaia, Iñigo Ibarra eta Serapio Lopez egongo dira.
Azken kanporaketa Eneko tabernan hasiko da 13:00etan eta Karlos Aizpuruak, Mikel Etxekoparek, Julen Zelaietak eta Juanjo Respaldizak kantatuko dute.
Finala Iza jatetxean izango da bazkalostean. Izan ere, bazkaltzeko aukera egongo da 40 euroren truke, behin kanporaketak amaituta. Horretarako 674 084 567 telefonoarekin harremanetan jarri eta Bizum bidez ordaindu behar da.
Supazterrean Kultura Alkarteak antolatu du egitasmoa eta, iragarri dutenez, trikitilariak egongo dira goiz osoan giroa alaitzen.
Bizkaiko Bertsolari Txapelketako kanporaketa
Bertsolari beteranoen txapelketa baino bi egun lehenago, Udabarria Bertsotan Bizkaiko Bertsolari Txapelketako B multzoko sailkapen fasea jokatuko dute Donibane Aretoan. 18:30ean Ander Aldazabal, Irune Basagoiti, Ander Sarriugarte, Ander Urcelay, Inazio Vidal eta Arkaitz Zipitria igoko dira oholtzara.