Sarek ekimen ibiltaria deitu du maiatzaren 17an eta 18an euskal preso politikoen egoera salatzeko. Izan ere, taldeak azaldu duenez, "Euskal Herrian dauden espetxeetan zigorra betetzen ari diren 117 presoetatik, batzuk erregimen irekian egiten dute, 102 hirugarren graduan, baina 58 dira egun zigorra erregimen itxian betetzen ari diren euskal presoak, eta 29 dira preso horiek barnebiltzen dituzten herriak".
'Puzzlea osatu arte' izeneko egitasmoak 29 udalerri horiek guztiak lotzeko asmoa dauka. Helburua izango da salatzea salbuespen legediaren ondorioz, ETAk bere jarduera armatuaren amaiera jakinarazi eta hamalau urte igaro eta gero, trabak daudela presoak kalera ateratzeko.
Berez, ekimena Lesakan hasiko da larunbatean, Iruñean amaitzeko hurrengo egunean.
Aiaraldean, Alaitz Aramendi
Aipatutako 58 presoen artean Alaitz Aramendi orozkoarra dago eta, ondorioz, eskualdeko mobilizazioa antolatu dute igandean.
Lehenengo ekintza, berez, Laudion abiatuko dute. 10:00etan Herriko plazatik aterako da ibilaldia eta 12:00etan Orozkoko plazan abiatuko dute manifestazioa. 12:15ean ekitaldi politikoaren unea helduko da eta parrillada eta musikarekin amaituko da egitasmoa 13:00etan.