Sarek hainbat mobilizazio egin ditu asteburuan 'Puzzlea osatu arte' ekimenaren barruan. Elkarteak aldarrikatu du urrats oso garrantzitsuak egin direla eta, besteak beste, lortu dela Frantziako Estatuan betetako zigorrak Espainiako Estatuan ere aintzat hartzea. Hala ere, azpimarratu du oraindik ere 59 euskal preso politiko geratzen direla espetxeetan erregimen itxian eta salbuespen legediagatik izango ez balitz, kalean egon beharko liratekela.
Aipatutako presoen artean Alaitz Aramendi orozkoarra dago. Horregatik, Laudiotik Orozkorainoko ibilaldia egin dute. Gero manifestazioak zeharkatu du herrigunea eta ekitaldia egin dute jarraian. Bertan, orozkoarrek puzzlearen pieza bat eman diote Sareri eta elkarteak ikur bat laga die maileguan. Amaitzeko, askaria eskaini dute.
Argazkiak: Orozkoko Sare eta Txomin Egiluz