Abiatzear da aurtengo kale antzerki zikloa. Hiru antzezlan plazaratuko dituzte: lehena ostiral honetan bertan izango da, eta beste biak uztailean, 5ean eta 11an. Markeliñe konpainiaren Artilusio antzezlanarena da lehenbiziko txanda, 19:00etan, plazan. Adin guztietarako obra da.
Ilusio artistikoak sortzen dituen tramankulua da artilusioa. Liburuak behar ditu elikatzeko eta bihotz taupaden erritmora funtzionatzen du. Bere ondoan, Greta ageriko da, liburutan murgiltzea maite duen andra nagusi bat. Makinak Gretaren gustuko fantasiazko egoerak sortuko ditu: literatura unibertsaleko pertsonaiak, bidaia fantastikoak...