Ohetik ez altxatzea eta Euskalnot izeneko enpresara lanera ez joatea erabaki du gizon batek goiz batez. Iraultza partikular horrek eragina izango du zuzen zuzenean gizonaren inguru hurbilenean, bere ama eta emaztearengan bereziki. Hori du abiapuntu Kuluxka Antzerki Elkarteak astelehenean estreinatuko duen Hoy el no se levanta, ella si antzezlanak, Laudioko Udalak antolatutako jardunaldi feministen barruan.
Kuluxkaren bigarren obra da honakoa eta, Llueven Vacas lehenengo antzezlanean egin bezala, Andres Presumido zuzendariak hartu du aktoreak gidatzeko ardura. Lehenengo obra horretan baino tonu umoretsuago bat eskaini diote antzerki talde orozkoarreko kideek proposamen berriari, beti ere gai sozialak erdigunean jarriz.
La Fiaca
Gidoi original baten adaptazioa da Kuluxkako kideek astelehenean taularatuko dutena. Roberto Talesnik zuzendariaren La Fiaca antzezlana moldatu dute, klasiko argentinarrari gaur egungo begirada eskainiz.
“Guk gaur egungo testuingurura ekarri nahi izan dugu antzezlana. Beste ertz batetik begiratu eta emakumearen presentzia aldarrikatuta. Gure buruari galdetu nahi izan diogu zer duen emakumeak esateko protagonista gizonak hartzen dituen erabakien aurrean”
La Fiaca 1967an estreinatu zen Buenos Airesen. Segituan bilakatu zen erreferentziazko obra Hego Ameriketako antzerkiarentzat. Ricardo Talesnikek Mexikon, Kanadan edota Frantzian estreinatu zuen obra 1960eko hamarkadako azken urteetan. Espainiako Estatuan La Pereza izenarekin estreinatu zen 1968an, Fernando Fernan Gomezen eta Analia Gaderen eskutik. Arrakasta izugarria izan zuen, eta pelikulak ere ekoitzi dira gidoi originala abiapuntu hartuta.
“Guk gaur egungo testuingurura ekarri nahi izan dugu antzezlana. Beste ertz batetik begiratu eta emakumearen presentzia aldarrikatuta. Gure buruari galdetu nahi izan diogu zer duen emakumeak esateko protagonista gizonak hartzen dituen erabakien aurrean”, azaldu dio Aiaraldea Komunikabideari Andres Presumido zuzendariak. “Obra originala oso zentratuta dago lan-mundu produktiboan, eta gizon batek egun batez ohetik ez altxatzeko hartzen duen erabakian. Baina, zer du gizonaren bikoteak esateko? Berak ez du ohetik altxatu nahi baina emakumea lanera joan behar da. Hor gatazka bat sortzen da”, gaineratu du David Bascaran aktoreak.

Lau aktore taula gainean
Lau dira Hoy el no se levanta, ella si obrak taula gainera aterako dituen aktoreak: Encarna Delgado Ruiz, David Bascaran Ruiz, Mari Nieves Parra Valiente eta Fernando Izagirre Gonzalez. Bascaranek gorpuzten du ohetik ez altxatzeko hautu irmoa hartu duen gizonaren papera. Encarna Delgado, aldiz, gizonaren amaren azalean jarriko da. “Obra originalean baino ama modernoago bat eraiki dugu", azaldu du Delgadok, "obrako bi emakumeek gizonari ulertarazi nahi diote, haiek gabe bere iraultza ez doala inora. Azken finean, lanaren monotoniaren eta sistema ekonomikoaren aurkako iraultza da gizonak ohetik egin nahi duena. Hori da azpimarratu nahi duguna, emakumerik gabe iraultza hori ez dela urrutira iritsiko”.
“Emaztearen papera gogorragoa da”, azaldu du honen azalean jarriko den Parrak: “Berak ez du guztiz ondo ulertzen egoera, eta haserretu egiten da. Ez du senarraren errebelatzeko modua onartzen”. Azkenik, Izagirrek jatorri argentinarreko migrante baten papera betetzen du. Protagonistaren lankidea da bera, lagunak hartu duen bidea hartzera ausartzen ez dena. “Oso paper interesgarria da, oso dibertigarria eta sakontasun handikoa”, gaineratu du Bascaranek.
Umorea ardatz
Umorea ardatz, gorabehera handiko obra dela ziurtatu du Presumidok: “Ordubeteko antzezlana da, oso intentsua, baina arina eta erritmo handikoa”. Lantaldeko kideak oso pozik azaldu dira jatorrizko gidoiaren moldaketarekin. Parra Valientek, esaterako, adaptazioa “biziagoa eta aktualagoa” dela aldarrikatu du, “irakurketa posible gehiago” eskainiz. “Horrelako obrak berriz bisitatzen direnean ez dago aktualizatzea besterik. Zaharkituta geratu da testu originala; pentsa urte hauetan guztietan Argentinak errealitate politiko oso desberdinak zeharkatu dituela”, azaldu du zuzendariak.
“Antzezlanak pasarte musikal oso dibertigarriak ditu, argi-beltzarekin ere ausartu gara”
Hain zuzen ere, gidoi originalak eskaintzen zituen zirrikitu guztiak baliatu dituzte obra gaurkotzeko. “Antzezlanak pasarte musikal oso dibertigarriak ditu, argi-beltzarekin ere ausartu gara”, ziurtatu du Presumidok.
Aspektu teknikoak leuntzen igaro dituzte estreinaldiaren aurreko azken egunak. Antzerki taldeak ahalik eta zuku gehien atera nahi dio oholtzari. Arestian aipatutako atrezzo eta argi-efektuez gain, bideo aldarrikatzaileak ere txertatuko dituzte eszenan, Guardian fabrikaren itxierari keinu eginez.
Publikoaren erantzunaren zain
Entsegu eta prestaketa hilabete luzeen ostean, taula gainean aurkeztea besterik ez zaie falta Kuluxka Antzerki Elkarteko kideei. Irrikaz daude publikoaren erreakzioa ikusteko, ziur diren arren obraz disfrutatuko dutela. Gidoiari ateratako ertz guztietan asmatu duten edo ez jakin nahi dute; eta, horretarako, jendaurrean aurkeztea baino hoberik ez dago. “Publikoak une atsegin bat bizitzea nahi dugu. Ez da komedia zuria. Bere garaian iraultzailea izan zen, eta gure proposamena ere bada”, nabarmendu du Andres Presumido zuzendariak.
Laudioko estreinaldiaren ostean, Orozkora ekarriko dute antzezlana ekainean. Asturiasen ere badituzte emanaldiak hitzartuta, Llueven Vacas obrarekin egin zuten zirkuitua jarraituz. Antzerki taldearen nahia da bi denboraldiz aritzea oholtzaz oholtza.
