Aingeru Olaguenaga Iza zinegotzia eta udal gobernuko kidea argi eta garbi mintzatu da Larragorriko zentral eolikoari buruz Aiaraldea Komunikabidearen Azalera podcastean. Izan ere, egitasmo energetikoak Orozkori eragiten dio eta, behin Eusko Jaurlaritzak aurretiko baimena emanda Green Capital enpresari, Olaguenagak azaldu du zein aukera dauden Udalaren esku.
Lehenik eta behin, zinegotziak aipatu du herritarren gehiengoa ez dagoela ados proiektuarekin eta tokiko erakundearen eginkizuna dela herriaren nahia betetzea.
Gauzak horrela, Olaguenagak aipatu zuen zentralaren eraikuntzak bi bide jarraitu behar dituela. Alde batetik, baimen administratiboarena. Eusko Jaurlaritzak aurretiko baimena eman duenez, Udalak, alde interesdun gisa, goreneko helegitea aurkeztuko du, eta emaitzarekin ados egongo ez balitz, ez du baztertzen Administrazioarekiko auzien epaitegira jotzea.
Udal araudia betetzen ez duen egitasmoa
Bestalde, hirigintza baimenak daude eta zinegotziak azpimarratu moduan, horiek Udalaren eskumena dira. Olaguenagak erantsi duenez, egun, Larragorriko zentral eolikoaren proiektua Hiri Antolamenduko Plan Orokorreko araudien kontrakoa da.
"Ezin dugu lizentzia hori eman, HAPOren kontrakoa delako. Bizkaiko Foru Aldundiaren ondorioa bera izan da", gaineratu du.