Lehentasunezko erregional mailara igo da Atxulaur Kirol Elkarteko senior taldea, eta larunbat honetan ospatuko dute lorpena herrian, Atxu Eguna antolatuta.
Joseba Aizek “lorpen historikotzat” jo du igoera Aiaraldea Komunikabidearen Azalera podcastean eskainitako elkarrizketan. Entrenatzaileak zortzi urte daramatza taldea entrenatzen, eta argi du: “Erregionaleko hirugarren mailan hartu nuen, eta momentu hartan norbaitek esango banindu Atxulaur lehentasunezko mailan egongo zela ez nuke sinetsiko”.
Lorpen horren atzean dauden nondik norakoak azaldu ditu Aizek elkarrizketan, eta aurreratu du datorren urtean ez duela entrenatzaile moduan jarraituko, atsedena hartu nahi duelako, “urtebetez gutxienez”. Hala ere, lasai dago, “esku onetan” utzi duelako taldea, bigarren entrenatzailea den Jon Patiñoren esku, hain zuzen.