Irailean abiatuko da Gaztea Kabianen bigarren denboraldia, baina lehen kanta aurreratu dute dagoeneko, Hofe eta Jimena Amarilloren Panpin bat bezala. Aurreko denboraldian bezala, Orozkoko Artiñano etxean sortu dute kanta eta bertan grabatu dute bideoklipa.
Elkarrekin lehenbizikoz egin dute lan bi abeslariek, eta irailean kaleratuko den saioak haien sormen-prozesua erakutsiko du, hasieratik bukaerara arte. Elebitan, euskaraz eta gaztelaniaz, da "udako maitasun istorio bat" kontatzen duen kanta hau, eta Jimena Amarillo valentziarrak euskaraz abestu du estreinakoz. Berak aitortu duenez, gogo handia zuen horretarako.