Proiektu deigarri bezain hunkigarria garatu du Orozkoko Udalak herriko memoria kolektiboa mantendu eta sustatzeko. Labrit Patrimonio enpresa kontratatu du tokiko erakundeak hamaika orozkoar nagusiren bizipen eta oroitzapenak ikus-entzunezko formatuan jasotzeko.
Elkarrizketa sakonak egin dizkiete pertsona horiei, herriko bizitza XX. mendean nolakoa zen jakiteko. Modu horretan, 22 ordu pilatu dituzte grabaketetan, eta 559 zatitan banatu dituzte bideo horiek, udal artxibategian txertatzeko.
“Lan honekin, Orozkok urrats garrantzitsua egin du bere ahozko historiaren mantentzean”, nabarmendu du Udalak. Guda garaiko haurtzaroa, landa eremuko lana, baserriko egunerokoa, bizitza erlijiosoa, harreman sozialak edota herriak bizitako aldaketa sakonak jorratu dituzte elkarrizketetan.
Iragan ekainaren 14an egin zuten ekimenaren aurkezpena Donibane Aretoan. Bertan egon ziren proiektuan parte hartu duten hamaika herritarrak, eta lore sorta bana eman zioten bakoitzari, eginiko ekarpenaren esker gisa.
Argazkiak: Orozkoko Udala