Beranduegi erromeriaren ibilbidea laster amaituko duzue, non izango da?
Aurreratu dezakedan gauza bakarra da ziur ez dela BECen izango. Oraindik ez dugu leku zehatzik, baina jende orori irekita egongo bada ere, gure betiko jendearekin egin nahi dugu. Etortzeko aukera eman nahi diegu eta eurentzat leku hurbila hautatuko dugu.
Bilboko Antzokian edo horrelako toki batean egin nahiko genuke, eskualdeko jendeak eta gurekin beti aritu direnek parte hartzeko. Egia da Aiaraldean asko jo dugula, baina Ezkerraldean, Bilbon edota Gipuzkoan ere egin dugu.
Eta data?
Hasieran pentsatu genuen kontzertuak amaitu bezain pronto egitea, abenduan, adibidez. Gero gehiago pentsatu dugu eta agian 2026an egingo dugu.
"Azken kontzertua agian 2026an egingo dugu. Bilboko Antzokian edo horrelako toki batean egin nahiko genuke"
Otsailean izan daiteke, edo apirilean, auskalo. Ez daukagu data zehatzik, bakarrik dakigu gure jaia prestatu nahi dugula eta Bilbon izango dela.
Udan agur esateko aukerak egongo dira Aiaraldean, ezta?
Bai, aurtengoa izango denez gure azken kontzertu sorta, proposatu dugu partaide bakoitzaren herrian emanaldiak bilatzea. Adibidez, Ainize abeslaria Ugaokoa denez, han joko dugu. Arrigorriagan bi aldiz egingo dugu eta Orozkon baita ere. Luiaondon ostiral honetan eta Orozkoko auzoetan ere egongo gara.
Nola batu zineten?
Ni azken partaidea naiz, aurretik beste trikitilari bat egon zen. Hortaz, hasieratik ez dut ezagutzen, baina badakit 2018an sortu zela proiektua. Lagunarteko talde gisa hasi zen eta gero, talde askotan gertatzen den moduan, profesionalagoa bilakatu zen.
Ondo egiteko eta publikoarekin konektatzeko ardura hartu zuten. Izan ere, lagunartean aritzeko, edozein barikutan batu zaitezke, erromeria egin eta trago batzuk hartu.
Zein une berezi gogoratzen dituzu zuk Beranduegin?
Asko izan dira, baina nire herrian jotzea plazer hutsa da. Zure jendearekin zaude, ikusten zaitu eta egiten duzunarekin gozatzea bikaina da.
"Orozkon jotzea plazer hutsa da"
Gero egia da hortik kontzertu bereziak egin ditugula. Esaterako, nire lehen kontzertua Deustuko jaietan izan zen eta goitik jendetza harrigarria ikusten zen. Ez dakit zenbat izango ziren. 1.000 lagun, 1.500?
Nik aurretik jende askoren aurrean jo izan nuen, baina lehenengo kontzertuan seriotasun horrekin egiteak eragina dauka.
Basauriko San Migelen ere gogoratzen dut jendetza handia, baina, oro har, kontzertu berezienak dira horiek zeinetan publikoak konektatzen duen eta gozatzen duen zure musikarekin.
Jotzen dituzuen abestien artean, zeintzuk dira zure gogokoenak, eta zeintzuk ikusleen artean?
Ikusleen artean betikoak. Adibidez, Txanpon baten truke, ez dakit zenbat urte izango dituen kanta horrek, baina jotzen duzun lekuan jendeak badaki. Zea Maysen Negua joan da eta ere arrakastatsua da. Badira ikusleekin konektatzeko gai direnak eta bide horretatik joaten saiatzen gara. Aitormena ere, 60 kantaren artean asko daude.
"Rantxerak gogoko ditut"
Niretzat ere horiek berezienak izan daitezke, eta rantxera generoa ere oso gogoko dut. Adibidez, No es extraño.
Hau izan da zure lehen erromeria taldea?
Proiektu askotan ibili naiz, baina erromeria profesional moduan esan dezaket baietz. Hilean Bariku Bat taldean egon nintzen Orozkoko kideekin. Ez zen erromeria, baina erromeria moduan jotzen genituen kanta batzuk. Lagunarteko taldea zen eta Beranduegi erromeria formalagoa da.
Sakatu Elektrotxarangarekin ere ibili naiz eta Orozkoko jendearekin ere taldeak egin ditut, baina beti Orozkon entzuten dena aintzat hartuta, herrian jotzeko eta propio prestatzen genuelako. Giro hurbila sortzen genuen.
Proiektu berririk duzu?
Orain lanean ari naizela, apur bat alde batera utzi behar izan dut trikitia, baina duela gutxi Orozkoko jaietan bakarka jo nuen eta funtzionatu zuen. Santa Luzian ere horrelako kontzertua egin nuen eta jendea gustura egon zen. Uste dut hortik agian zerbait egin dezakedala.