Argentinara zoaz Euskal Selekzioarekin Munduko Txapelketa jokatzera, 23 urte azpiko mailan. Nola jaso zenuen deialdia?
Euskal Selekzioak Munduko Txapelketan parte hartuko zuela jakinarazi zidan entrenatzaileak, eta hautatzailea ezagutzen zuela. Jokalarien bila ari ziren eta nik probatu egin nahi nuen; horrela sartu nintzen lehenengo hautaketa horretan.
Hiru hilabeteko prozesua izan da eta horren ostean erabaki dute selekziorako nor deitu.
Nolakoak izan dira hiru hilabete horiek?
Ez dakit, egia esan, frontoian eta nire egunerokoan hain buru-belarri sartuta egon naiz, ezen ez bainaiz oso kontziente izan.
Berez, hiru hilabetez luzatu diren entrenamendu saioetan egon gara murgilduta. Hautatzaileak erabakitzen zuen nork jarraitzen zuen eta nork ez.
Espero zenuen deialdian sartzea edo ezustekoa izan da?
Espero nuela esatea itsusia izango litzateke, baina opari eta aukera polita izango da Argentinakoa.
Noiz jokatuko da Munduko Txapelketa Argentinara?
Irailaren 11n etorri ginen Argentinara, eta Munduko Txapelketa irailaren 14tik 22ra bitartean jokatuko da. Venado Tuerton arituko gara. Bi bikote joango gara. Bi jokalari izango dira titularrak eta besteak ordezkoak, baina hondino ez dakigu nor den nor. Top secret, momentuz.
Ez dakigu ere nortzuk osatuko dituzten bikoteak. Bi aurrelari eta bi atzelari goaz. Ni aurrelaria naiz. Entrenamenduetan bi atzelariekin aritu naiz jokoan. Lehenengo batekin aritzen nintzen eta gero hautatzaileak bikoteak trukatzen zituen.
“Maider Mendizabal munduko txapeldunarekin txapelketa prestatzeko aukera izan dugu”
Zelan moldatzen zara beste kideekin?
Hautatutako nesketako bik Orozkon jokatzen dute, taldekideak eta lagunak gara. Hirugarrena Hernanikoa da. Hori ere ezagutzen dut bere aurka lehiatu naizelako.
Ez neukan harreman estua berarekin, baina Euskal Selekzioari esker harreman handiagoa dugu. Abuztuan egunero joan naiz berarekin entrenatzera, Maider Mendizabal munduko txapeldunarekin txapelketa prestatzeko aukera izan baitugu. Harreman oso ona daukagu.
Hilabete hauek oso biziak izaten ari dira?
Bai, abuztuan hiru orduz entrenatu dugu egunero. Topera gaude eta niretzat sekulako aukera izan da. Prozesu luzea izan da, prest egon naiz hori barneratzeko eta egin dut.
Urte berezia izango da aurtengoa. Euskal Selekzioa lehenengo aldiz lehiatuko da nazioarteko txapelketa batean. Zer sentitzen duzu kolore horiek ordezkatzean? Presio berezirik?
Ez, ez daukagu ezer galtzeko. Lehenengo aldia izango da gure selekzioarentzat eta guk argi daukagu ez garela trinketelariak. Urte osoan frontoian jokatzen dugu eta ez trinketean. Trinketeak asko aldatzen du jokatzeko modua, eta gu ez gaude horretara ohituak. Gu frontoian aritzen gara eta ez dugu eskumako hormarekin jokatzean. Trinketearen ezker horman, bestalde, teilatu txikia dago... Jokoaren estruktura guztiz desberdina da.
Aurretik lehiatu naiz trinketean, baina ez da ohikoena Bizkaian. Hortaz, esperientzia gehitzera joan behar dugu, ahalik eta hoberen egitera.
Ilusioz beteta nago Euskal Selekzioarekin joateagatik, baina aldi berean ez dut presiorik sentitzen.
Aurkariren bat ezagutzen duzue?
Duela aste batzuk egin genuen topaketa bat frantziarrekin eta azkenean nabaritzen da euren bizitza osoa trinketean igaro dutela, guk frontoian igaro dugun moduan.
Espainiako Selekzioarekin ere aritu gara. Esango nuke Frantzia dela txapeldunak izateko hautagai nagusia.
Hori da zure pronostikoa?
Faboritoak frantziarrak eta argentinarrak direla uste dut, baina gu talde onean gaude eta uste dut, ondo eginda, hirugarren edo laugarren postua lortzeko borrokatu ahal garela. Ondo legoke.
Espainiako Selekziokoak ezagutzen dituzu?
Bai, jokalari bat nire aurkari izan da eta harremana dut berarekin.
Zenbat talde izango dituzue aurrean?
Gomazko paletako bederatzi selekzio lehiatuko gara mundialean. Nik nire buruari buruz berba egiten dut, baina uste dut oraindik ez garela kontziente Argentinara joango garenik ere.
Sarez, eskuz, larruz eta gomaz ere jokatuko da Munduko Txapelketan, ikusteko esperientzia polita izango da.

Noiz hasi zinen frontoian?
Esku-pilotan hasi nintzen. Nire neba nagusia esku-pilotan aritzen zen eta entrenamenduak ikustera joaten nintzen. Aspertu egiten nintzen bi orduz eserita egoteaz, nik ere nire nebak egiten zuena egin nahi nuen. Amari esan nion izena emateko, eta lau urtez esku-pilotan aritu nintzen. Gerora palan jokatzeko gonbita jaso nuen, eta denboraldi batez bi kirolak uztartu nituen.
Esku-pilotan takoekin jokatzen hasi ginenean, ordea, etsitu egin nintzen, ez nuen gogoko. Palarekin geratzea erabaki nuen. Bi urteko etenaldia egin nuen, 2019an itzuli nintzen palara. Ordutik jo ta su nabil.
Etorkizunean pentsatu duzu?
Palari esker ez da inor bizi. Lau aldiz munduko txapelduna izan dena ezagutzen dut, eta bera ere ezin izan da horretaz bizi. Zaletuak gara eta zale gisa gure lorpen handiena izan daiteke Munduko Txapelketa batean parte hartzea eta irabaztea. Sarez, eskuz, larruz eta gomaz ere jokatuko da eta esperientzia polita izango da.
Txapeldun izateko arrakala txikia ireki dela uste duzu?
Kontua da poliki-poliki etorkizuna lantzea nesken artean Euskal Selekzioan. Aurtengo txapelketa bat-batean heldu da, baina erabili dezakegu hurrengo urteei begira ikasteko. Nork daki inoiz Munduko Txapelketa absolutura joango garen.
Emakumezkoen eta gizonezkoen arteko ezberdintasuna dago aukeren aldetik?
Uste dut modalitateen araberakoa dela. Gure entrenatzailea, esaterako, profesionala da.
Mutilek horretarako aukera dute, baina emakumeok ez. Geroz eta gehiago deitzen gaituzte herrietatik, baina profesionalizazioa oraindik urrun dago.
Orozkon giro pilota duzue frontoian.
Gure atzetik belaunaldi ona dator eta eskola dago Orozkon.