Berezia izango da igandean egingo duten Orozko Harana XXXV. Iraupen Mendi Ibilaldia, tamalez. Izan ere, taldeko presidentea, Fede Alberdi, irailean hil zen eta bere omenezko ekitaldia egingo dute. 07:30ean izango da, ibilaldia hastean.
Alberdi hamabi urtez izan da mendi taldeko burua eta bere izaera zein elkartean egindako lana gogoratuko dute. Horretarako bideoa prestatu dute eta testua ere irakurriko dute.
Bere heriotzaren berri izan bezain pronto, Itxinapek dolumin mezua zabaldu zuen:
"Guretzat ez zen klubeko arima bakarrik izan, bidelagun, solaskide, barreak eta mendi-ibilaldiak partekatzeko kidea ere bai. Hor egon da beti umoretsu eta gogo handiz denok zaintzen eta hain gure den mendiarekiko pasioa trasmititzen.
Fedek bide bakoitzaz gozatzen erakutsi zigun, natura errespetatzen eta irteera bakoitza ospatzen. Bere poza, eskuzabaltasuna eta maitasuna gurekin geratuko dira betiko".
Doako izen-ematea
Igandeko hitzorduari begira, inskripzioa irekita dago jadanik eta doakoa da. Bi ibilbide mota egongo dira, 26 kilometrokoa eta 36 kilometrokoa. Euskal Herriko Federazioak antolatzen duen iraupen luzeko ibilaldien zirkuituaren barruan dago Orozko Harana.