Aurrekontu parte-hartzaileen prozesua abiatu du Orozkoko Udalak, eta urriaren 31ra arte ireki du proposamenak jasotzeko epea. Ekarpenak helarazi nahi dituzten herritarrek honako posta elektroniko hau baliatu ahalko dute: aurrekontuak2026@gmail.com.
Dena den, aukera egongo da baita proposamenak fisikoki helarazteko, udal-bulegoetan jarritako postontziaren bidez. "Gainera, Udala herriko elkarte eta zerbitzuekin harremanetan jarriko da (kiroldegia, eskola, etab.), haien beharrak jasotzeko eta prozesu honetan kontuan hartzeko", azaldu du tokiko erakundeak, eta iragarri du auzo batzarrak ere egingo dituztela hilabete honetan, eta bertan ere emango dutela proposamenak helarazteko aukera, "ohiko gaiak jorratzeaz gain".
Hain zuzen, datorren ostiralean (urriak 10) egingo dute auzoetako batzar nagusia, arratsaldeko zazpietan Udaletxeko osoko bilkuren aretoan.
