Beste urte batez antolatu du Orozkoko Supelaur elkarteak Gaztaina Eguna. XXIV. edizioa da, zehazki, aurtengoa eta egitarauak ohiko moldea jarraitzen du: mendi ibilaldia eta herri bazkaria.
Egunari hasiera emateko, 9:30etan abiatuko da autobusa Hegoaldetik Usabel auzunera. Bertatik ekingo diote 6 kilometro inguruko ibilbideari, zeina Teilieri, Lastrabe eta Irukusgietatik igaroko den. Kirikiño hesiak bisitatzeko eta horien inguruko azalpenak jasotzeko parada izango dute parte hartzaileek.
Behin herrira itzulita, herri bazkaria egingo dute frontoian 14:30ean, egunari amaiera emateko.
Gaztainak euskal gizartean, eta bereziki Orozkon, izan duen garrantzia goraipatzeko eta honen bilketa ospatzeko eguna izango da, beraz, urriko azken igandea.