Mairien Kolektiboak, Orozkoko Udalaren babesarekin, Zubiaur plaza hartuko duen ekintza egingo du bihar 13:00etan. Zaporeen Eguna izendatutako egitasmoak sei herrialdeetako platerak dastatzeko parada emango du: Nikaragua, Venezuela, Errumania, Sahara, Mauritania eta Uruguaykoak.
Errezeta guztiak Orozkon bizi diren jatorri horretako emakumezkoek prestatu eta modu berezian partekatuko dituzte. Izan ere, dastatzearekin batera, emakume migratu bakoitzak azalduko du zein osagai dituen errezetak eta zein garrantzia duen euren kulturetan, baina ez hori bakarrik. Euren hitzartzeetan argituko dute nola eta zergatik joan ziren Orozkora, nolakoa izaten ari den esperientzia...
Izan ere, Mairien Kolektiboaren helburua ez da soilik gastronomikoa. Emakumeen arteko loturak eraiki nahi dituzte, herria hobetzeko, ezagutza sustatzeko eta elkarbizitza justuagoa sortzeko.
Nazionalitate gehiago
Antolatzaileek gaineratu dute herrian jatorri gehiagoko emakumeak daudela, baina zaintza ardurengatik ezingo dutela parte hartu, baina beste jai batean batzen saiatuko direla Mexiko, Guatamala, Maroko, Kolonbia edota Argentinako herritarrak.
Ideia Emakumeen Etxea sortzeko bileretan plazaratu zuten eta Udalak gaitutako diru zati bat honetara bideratu dute, osagaiak erosteko eta emakumeei egingo duten lanaren truke ordaintzeko.