Txirrindulazaleek euren gustuko hitzordua izango dute larunbatean 11:30ean Zubiaur plazan, Orozkoko VI. Kriteriuma antolatuko baitute. Txirrindulari profesionalek eta profesional ohiek parte hartuko dute eta emakumezkoak abiatuko dira lehenik eta behin.
Olivia Baril, Usoa Ostolaza, Idoia Eraso, Iosune Murillo, Aranzazu Azpiroz eta Joane Somarriba arituko dira norgehiagokan, besteak beste, eta 20 itzuli egingo dituzte herrigunean barrena.
Ondoren, aspaldi txirrindularitza profesionala utzi zutenak igoko dira bizikletara: Asier Maeztu domina olinpikoa, Juanjo Oroz (Kern Pharma taldeko managerra), David Lopez (Espainiako Vueltako etapa irabazlea), Iban Mayo (Tourreko etapa garailea) eta Joseba Beloki (hirutan Tourreko podiumera igotakoa) egongo dira euren artean. Askok euren taldeen maillotak eramango dituzte.
Azkenik, profesionalen lasterketaren txanda izango da, honako kirolari hauen parte hartzearekin: Markel Beloki, Igor Arrieta, Sergio Samitier, Euskaltel-Euskadi taldeko Jon Agirre, Caja Rural taldeko Gorka Sorarrain, Calum Johnston, Kern Pharma taldeko Ibon Ruiz, debutari gaztea den Iker Gomez, Ander Okamika eta Carlos Garcia Pierna (Burgos-BH).
Azken hitzordu hori baliatuko dute erretiroa hartuko duten Omar Fraile eta Jonathan Castroviejo omentzeko.