Orozkoko Mairien kolektibo feministak, udal berdintasun sailak, Gertrude Kultur Elkarteak eta El Lirón Gris elkarteak erakusketa inauguratuko dute bihar 12:00etan Orozko Museotik abiatutako ibilaldiarekin. Interesdunek beste hitzordu bat izango dute azaroaren 29an.
Erakusketa aire zabalean kokatu dute, herriko paseo eremuan, hain zuzen, eta antolatzaileek eskerrak eman dizkiete auzokideei lekuak lagatzeagatik. Laster mapa argitaratuko dute, norberak artelanak bisitatu ditzan bere kabuz.
Egitasmoak zazpi emakume ilustratzaile feministen sorkuntzak bildu ditu eta honako hauek dira artistak:
Adriana Marineo: 1992an Palermon jaiotako ilustratzailea da. Komikiak marrazteaz gain, historia eta ilustrazioa ikasi ondoren, Enter Press kolektiboko kide da. Kolektibo honetako kideek erakusketak eta risografia estudio bat kudeatzen dituzte Bolognan kokatutako Titivil espazioan. Bere lana hainbat antologia, liburu eta fanzinetan argitaratu da. 2025eko otsailean egon zen Orozkon, “Filomena” topaketan parte hartuz, “Malos Hábitos” liburuaren originalak erakusten zituen bitartean.
Cristina Daura: Bartzelonan jaio zen, 1988an. La Massanan ilustrazioa ikasi ondoren, Maryland Institute Collage of Art-en (Baltimore) osatu zituen bere ikasketak. Gaur egun, mundu osoko prentsarentzat egiten du lan. Komikia eta arte fauvista izan daitezke bere eraginik handienak. Orozkon astebete eman zuen 2025eko apirilean, eta “Udaberriko poemario ilustratua” izeneko tailerra eman zuen.
Jimena Estibaliz: Mexiko Hirian jaio zen 1990ean. Ilustrazioko, arteko eta arte-zuzendaritzako proiektuak garatzen ditu. Bere ibilbidean zehar, erakunde eta marka ezagunekin lan egin du. Bere lana oso moldakorra da, bai teknikan, bai estilo bisualean, baina beti kontzeptualizazioa eta metaforen erabilera ditu ardatz. Hainbat aste eman zituen Orozkon 2024ko uztailetik abuztura bitartean, ikastaroen, egoitzen eta filomenen artean. Bere irudiak Orozkoko Museoan egon ziren ikusgai urte horretan bertan.
Katrin Stangl: Kolonian (Alemania) oinarritutako artista eta grabatzailea da. Leipzigen Artea ikasi zuen eta hainbat teknika erabiltzen ditu bere proiektuak eta beste pertsona batzuen testuak ilustratzeko. SPRING emakume artisten taldeko kide da 2009tik, eta sari eta aintzatespen ugari jaso ditu. 2023an autoz iritsi zen Orozkora, hiru seme-alabekin eta senarrarekin, eta hemen marrazketa eta grabatu teknika esperimentalen
erakusketa eta tailer bat prestatu zituen.
Kitty Crowther: 1970ean jaio zen, aita ingelesa eta ama suediarra ditu, eta bera Belgikan hazi eta bizi da. Jaiotzez zuen entzumen-arazoak eraginda, marrazkiaren eta idazketaren bidez komunikatzeko mod aparta garatu zuen. 2010ean Astrid Lindgren Memorial Award (ALMA) saria irabazteaz gain, 40 liburu inguru idatzi ditu. Gure Orozkoko haranean astebetez bizi izan zen 2024ko abuztuan, landareak, hontzak eta aurpegiak monotipiako inprimaketaren teknikarekin marraztuz. Bere lana Orozkoko Museoan egon zen ikusgai urte horretan bertan.
Raisa Alava :Zuatzan jaio zen 1990ean, Amurrion hazi zen eta gaur egun Bilbon bizi da, nahiz eta gure haranak etengabeak izan diren bere bizitzan eta irudietan. Mundu osoko hedabideentzat ilustratu du, liburuetarako azalak eta fanzineak eta komikiak argitaratzen ditu. Horietan ere gidoia sortzen du, bere surrealismo bereizgarriarekin nahastutako eguneroko egoeretatik abiatuta. Eskuz marrazten du, rotringarekin, baina beste teknika batzuk ere aztertzen ditu, hala nola aerografoa eta errotuladoreak. Orozkon milioi bat aldiz egon da, baina hemen amaitu zuen “Sumidero” liburua, astebeteko egonaldi
batean, 2023ko irailean.
Yolanda Mosquera: Amurrion jaio zen 1973an, eta han jarraitzen du bizitzen eta bere estudioan marrazten. Leioan Arte Ederretan lizentziatu eta Bartzelonako Enia eskolan ilustrazioa ikasteaz gain, 2018an ilustrazioko Euskadi saria irabazi zuen “La Pequeña Roque” libururako egindako irudiengatik. Orozkon 2024an marraztu zuen zuhaitz eta landare artean, eta iratze mutanteak grabatu zituen tetrabrikekin.
Elisabeth Perez Fernandez: El Liron Gris-en tailerretik igaro diren artista horien guztien arteko lotura da. Babesleku horretan egiten du lan Elik, Bonito Argitaletxean ilustratzaile eta liburugile gisa, teknika desberdinekin esperimentatuz eta inprimatzeko makina zaharrak berreskuratuz. 1988an Barakaldon jaioa, Arte Ederrak ikasi zituen Leioan, eta ilustrazioa, eszenografia, grafika editoriala eta erakusketen diseinua ikasten 7 urte Florentzian bizi ondoren, 2022an Orozkora etorri zen bizitzera, proiektu hau Olarte auzoan duen baserriaren etxabean abian jarriz.
Antolakuntzari dagokionez, aipatu beharra dago Enara Bravoren lana. Ikus-entzunezko komunikazioa ikasi zuen, eta sormenezko ehunak birziklatzeko Truca Rec kolektiboa sortu ondoren, energia guztia Artiñano Etxearen proiektua aurrera eramaten jarri zuen. Han, Gertrude Art Researchek Orozkoko kultura dinamizatzen du, Mairien Bidea bezalako proiektu eta lankidetzekin, formakuntzekin edo Gertrude Noise Meeting bezalako musika topaketekin. Gainera, 2017tik bere lan artistikoa handpokearen bidez garatzen du Petra Tatuajeak proiektuan eta bertako artilearekin landutako ehun-piezekin.