Orozkoko Udalak galdetegia prestatu eta zabaldu du, herriko frontoia ixteko bi proposamenen artean hautatu dezaten herritarrek. Hemen klikatuta bozkatu daiteke abenduaren 9ra arte, egun hori barne.
Izan ere, tokiko erakundeak hobekuntzak egin nahi ditu herrigunean dagoen kirol azpiegitura horretan. Berez, oso erabilia bada ere, euria egiten duenean arazoak sortzen dira espazioa bere osotasunean aprobetxatzeko, bai kirol praktikarako zein aisialdirako.
Gauzak horrela, bi proiektu garatu dituzte eremua ixteko. Bat egurrezkoa da eta bestea, berriz, metalezkoa. Horien bien artean zein nahiago duten bozkatu ahal dute herritarrek. Momentuz, 300 lagunek baino gehiagok eman dute boza eta babes gehien jaso duena egurrezkoa da, baina oraindik denbora dago emaitza aldatzeko.