Maderas de Llodioko langileei elkartasuna adierazi eta Garnicako zuzendaritzak egin nahi dituen kaleratzeak errefusatu ditu Orozkoko Udalak, azaroko udalbatzan onartutako mozioaren bidez. EH Bilduk aurkeztu zuen proposamena, eta aho batez onartu zen.
Horrez gain, langileak aurrera eramaten ari diren greba mugagabeari ere babesa helarazi dio tokiko erakundeak, eta "kezka" adierazi du Aiaraldeko desindustrializazioaren eta enplegu-suntsiketaren aurrean.
Era berean, Jaurlaritzari eta Araba zein Bizkaiko Foru Aldundiei bidali diete mozioa, "Aiaraldea Suspertzeko Planak garatuz behar diren neurriak har ditzaten Aiaraldean enplegu gehiago suntsitu ez dadin eta Maderas de Llodioko lanpostuak defendatu ditzaten".