Bihar tradizio handiko hitzordua egongo da Orozkon, Santa Luzia azoka, hain zuzen. Lehen sektoreari lotutako jaia izango da, eta 10:00etatik 14:00etara nekazarien eta artisauen salmenta postuak prest egongo dira Zubiaur plazan.
Horrez gain, 12:30etik 13:30era, Gorbeiako behorkumearekin egindako hanburgesak dastatzeko parada emango dute. Tiketak plazan bertan egongo dira salgai guztiak agortu arte.
Goizeko egitarauarekin amaitzeko, 14:00etan banatuko dituzte ogi lehiaketaren sariak eta ekoizleen merkatuko postu onenaren aitortza. Gainera, parte-hartzaileen artean saskien zozketa egingo dute.
Musika
Goizeko ekitaldiak girotzeko trikitilariek joko dute herrigunean, baina gauean ere ez da faltako musika eta 19:30etik 21:30era, Bilbotxeros Band taldeak kontzertua izango du.