Sare erakundeak spota osatu du urtarrilaren 10ean Bilbon egingo duen manifestazioaren deialdia indartzeko. Ikus-entzunezkoan bi lagun agertzen dira eta Jose Angel Aramendi da horietako bat.
Hain zuzen, berarekin batera emakume gazte bat agertzen da azaltzeko berak ez dituela euskal gatazkaren urterik gordinenak edo bere ondorioak bizi. Aramendi, aldiz, bestelako ikuspuntua eramaten du bideora. Izan ere, torturatua izan zen eta horrela aitortu dio Eusko Jaurlaritzak.
Horrez gain, bere alaba (Alaitz Aramendi) 2007an atxilotu zuten ETA erakunde armatuan militatzeagatik eta geroztik espetxean dago.
Bi protagonistek oso bestelako esperientziak eta hausnarketak plazaratzen dituzte, baina adostasun osoa erakusten dute urtarrilaren 10eko mobilizazioan parte hartzea eskatzeko.
Gaur mobilizazioa eta jardunaldiak
Ikuspegi nazionalarekin zabaldutako bideoarekin batera, gaur Orozkon bertan euskal preso politikoen aldeko jardunaldiak egingo dituzte. Lehenik eta behin, Txema Matanzas abokatuak eskainiko du solasaldia 18:00etan Supelaur elkarteko lokalean. 19:30ean presoen aldeko gazte argazkia deitu dute eta, amaitzeko, Sarek eskualdeko mobilizazioa deitu du 20:00etan.