Orozkoko EH Bildu abstenitu egin zen iragan abenduaren 4ko udalbatzan 2026rako udal aurrekontuak bozkatu zirenean. Modu horretan, aurreko bi urteetako joerarekin apurtu zuen oposizioko taldeak, 2023an eta 2024an plangintza ekonomikoen alde lerratu baitzen.
Talde politiko independentistako kideek oharra plazaratu dute orain euren jarrera azaltzeko. Euren hitzetan, "eskasa" da EAJren Udal Gobernu Taldearekin adostu dituzten proiektuen betetze maila, eta horregatik erabaki zuten aldeko botorik ez ematea.
Zehaztu dutenez, 28 proposamen aurkeztu dituzte agintaldia hasi zenetik, eta horietako 5 baino ez dira martxan jarri. "Besteak beste, trantsizio ekosozialean aurrera egin, lehen sektorearen etorkizuna bermatu, kale seguru eta bizigarriagoak lortu, politika feministetan sakondu, tokiko merkataritza sustatu, etxebizitzaren problematikari heldu edota mugikortasuna hobetzeko ekintzak aurkeztu dira", azaldu dute, eta nabarmendu dute EAJren Udal Gobernuaren eskuetan dagoela horiek aurrera eramatea.
Hala ere, erantsi dute jarri direla dagoeneko jarduera horien jarraipenerako mekanismoak, eta nabarmendu dute proposamenek ez dutela EAJren ezezko erantzunik jaso, eta "adostasun maila zabala dagoela" erakusten duela horrek. Gauzak hala, "Orozkoren alde lan egiteko eta elkarlanean aritzeko konpromisoan" berretsi dira EH Bilduko kideak.