Urtarrilaren 23an estreinatuko da Agurtzane Intxaurraga zuzendariaren azken antzezlana: 7 urte. Izen bereko film eta antzezlanaren euskarazko egokitzapena dakartza orozkoarrak, izen handiko aktoreen interpretazioarekin. Ostiralean izango da estreinaldia 20:00etan, Basauriko Social Antzokian.
Thriller generoko antzezlana da 7 urte, eta gau bakar batean gertatzen da Madrilgo bulego batean. Enpresa bateko lau bazkideren istorioa kontatzen du: zor publikoari iruzur egiteagatik horietako batek zazpi urteko espetxe-zigorra onartzea erabakitzeko bitartekari baten laguntza beharko dute, eta erabaki horrek pertsona bakoitzaren alderik okerrena aterako du. Zergatik? Zenbat balio du 7 urte kartzelan pasatzeak? Nork hartuko du errua?
Honako aktore hauek hartuko dute oholtza: Kandido Uranga (Heroiak, Maspalomas), Jon Olivares (Patria, Altsasu), Iñigo Gastesi (Gelditasuna ekaitzean, La infiltrada), Dorleta Urretabizkaia (Hil Kanpaiak) eta Aitor Beltran (Gelditasuna ekaitzean).