Nola baloratzen du Orozkoko Udalak 2025eko jarduna?
Aurtengo balorazio positiboa egiten dugu. Alde batetik, gure legegintzaldiko planaren parte diren proiektu handietan lanean gaudelako; eta beste alde batetik, herritarren partaidetza-beharrei erantzuten ari zaielako.
Gainera, herriko giroa positiboa da ere, ez dugu uste giro ernegaturik dagoenik. Oposizioarekin dagoen harremana positiboa da ere, alderdi politiko desberdinak izan arren, komunikazioa ona da. Beraz, esan dezaket urtea positibotzat jotzen dudala.
Zeintzuk izan dira aurtengo mugarri nagusiak?
Gure ustez, hainbat mugarri lortu ditugu aurten. Batetik, Ibarrako EUAtik Gallartu auzora ura hurbiltzeko lanetan egin den lehenengo fasea, funtsezkoa iruditzen zitzaiguna.
Egia da proiektu hori ez zegoela legislatura planaren barruan, baina auzo horietako bizilagunek egindako eskaera bat izan zen, eta guk horrekin bat egin genuen. Beraz, lehen fasea egin ondoren, bigarrena garatzeko asmoa dugu aurten.
Bestetik, legegintzaldiko planaren barruan bi proiektu nagusi genituen: futbol-zelaia konpontzea eta frontoia eraberritzea. Lehena 2025 amaierarako prest egongo da eta bigarrena 2026ko otsailerako, oraindik lehenengo fasean baitago, eta asmoa da datorren urtean lizitatzea eta gauzatzea.
Gainerako proiektuei begira, baimen guztiak izapidetzen ari dira. Gure ustez, pentsatuta genituen proiektu gehienak aurrera eramaten ari gara,eta poztekoa da hori.
Ba al dago atzean geratu den proiekturik?
Ez da bakar bat ere ez atzean geratu, baina egia da tramitazio administratiboak nahiko motel doazela, edo ez, behintzat, guk nahiko genukeena bezain azkar.
Adibidez, Bengoetxea auzoko bide-segurtasunaren obra, Laudioraino eramaten ari den bide berriaren aldaketekin batera doana. Astiro doan gaia da, proiektu konplexuago bat egin behar delako, bide-segurtasuna eta saneamendua barne biltzen dituena.
Proiektua aurrera eramateko enpresa arduraduna zehaztuta dago jada, eta asmoa da 2026rako proiektua prest izatea bide-segurtasunaren zein saneamenduaren aldetik.
“Gu ez gaude energia berriztagarrien aurka, horiek ezartzeko moduaren aurka baizik. Uste dugu desberdindu behar dela alderdi administratiboa eta ingurumena hirigintzan”
Komunitate energetiko bat sortzeko prozesu bat martxan jarri zenuten. Zein egoeratan dago gaur egun?
Proiektua sortzen lagunduko zigun kanpoko enpresa bat bilatu zuen 2025ean Udalak, Energia Komunitateen Sarea. Talde eragile bat sortu nahi genuen, eta horretarako hainbat bilera egin genituen.
Jendea batzen joan da, betiere kontuan izanik komunitate enegetikoaren gaitasuna 100kWh-koa dela. Taldera batu diren azken pertsonen azterketak egiten ari dira, eta aurreikusi daiteke komunitate energetikoa 2026an martxan jarriko dela.
Urtarriletik aurrera, 30 pertsona inguruko talde eragilea Udalarekin elkartuko da eztabaidatzeko komunitate energetikoak hartu beharreko figura juridikoa. Bertan, Udala partaide bat gehiago izango da, komunitate energetiko horren beste ahots bat, besterik ez..
Energien gaiarekin jarraitzeko, Orozkon eragina izango duten bi proiektu daude: Mendi eta Larragorri. Hala ere, bi proiektuen egoera ez da berbera, ezta?
Mendiko proiektua nagusiki Amurrioko Udalarekin eta Aiarakoarekin lotuta dagoen arren, guri ere eragiten digu, aerosorgailuak Orozkoko auzoetatik oso gertu jarriko direlako, Urrexolan zehazki. Egia da lurralde mailan ez diola gure udalerriari eragiten Larragorriko proiektuak bezala, zeinetan bost sorgailuetatik lau Orozkoko lurretan jarriko diren; baina, hala ere, ez gaude ados aurrera eraman den prozedurarekin.
Gu ez gaude energia berriztagarrien aurka, horiek ezartzeko moduaren aurka baizik. Uste dugu desberdindu behar dela alderdi administratiboa eta ingurumena hirigintzan.
Ingurumenari dagokionez, bi txosten daude: bat Bizkaiko Foru Aldundikoa, guztiz negatiboa dena, eta bestea Arabako Foru Aldundiarena, “bai, baina” ondorioztatzen duena. Eusko Jaurlaritzak bat egin du Arabakoarekin, aurretik zalantzati agertu bazen ere foru-lege batzuk urratzen direlako.
Hirigintzari dagokionez, oraindik ez dago garatuta Energia Berriztagarrien Plana, alegia arau subsidiarioetatik eta udal-arauetatik gorago dagoen legea. Hortaz, ez dugu ulertzen plan berezi bat aurrera eramatea gainetik dagoen hirigintza-legeriak ez badu hori jasoko.
Denok uste dugu energia berriztagarrien lurralde- eta sektore-plan bat egon beharko litzatekeela Euskal Autonomia Erkidegoan, bertako beharizan eolikoak zehaztuko lituzkeena, horren arabera markatzeko jarraitu beharreko irizpideak.Ulertzen dugu premiazkoa dela, baina hala ere, sentsazioa dugu herriak babesgabe gaudela gai konplexua delako. Azkenean, ematen du herrietara datozela, ingurunea okupatzen dutela eta guk ezer guxti dugula egiteko.
Eta Larragorriko proiektuari dagokionez?
Kasu horretan, bi Aldundi daudenez inplikatuta eta hiru herri ezberdinei eragiten dienez, Plan Bereziaren fasean dago proiektua. Beraz, erabakiak ez ditu herriak edo Aldundiak hartzen, Eusko Jaurlaritzak baizik.
Urrian egin dituzue auzo batzarrak. Zer moduz joan dira?
Parte-hartzea nahiko handia izan da. Beti daude aurrekontuei gehitu beharrekoak, baina batez ere bi kontuei erreparatu diegu. Batetik, taxien gaia landu dugu. Asmoa da 2026an Udaleko taxi zerbitzuaren lizitazio osoago bat egitea. Laudiorano zabalduko lirateke zerbitzuak: ikastetxeetara, osasun zentroetara edo garraio publikora, besteak beste.
Bestalde, udal-bideen garbiketa dugu, ehun kilometro karratu baino gehiago hartzen dituztenak. Adostu genuenez, urtero bitan egiten dira lanak. Espaloiak zein errepideetan dauden zuloak konpontzea ere badaude zereginen artean.
Abenduaren 4ko Osoko Bilkuran onartu zenituzten aurrekontuak, EH Bilduren abstentzioarekin. Zein balorazio egiten duzue?
Alderdi politiko ezberdinak gara, eta aurreko bi urteetan alde bozkatu zuten. Aurten gure ustez, komunikazio bera egon bada ere, haiek diote haiek proposatutako proiektu asko ez direla gauzatu.
Azken finean, ohiko desadostasunak dira. Haien posizioa zein gurea egokiak direla uste dut.