Artiachek dirutza ordaindu beharko die Orozkoko hainbat langileri, hiru biurteko zor baitizkie, soldataren %15

Aitor Aspuru Saez 2026ko otsailaren 4a

Artiacheko lantegia Orozkon, artxibo irudi batean. / Aiaraldea.eus

Lan hitzarmenak jasotzen du hiru biurteko betetzean soldataren %15 jaso behar dutela langileek eta hiru bosturtekoren truke %10. Epaileek erabaki dute biak aldi berean kobratu daitezkela eta bigarrenak jasotzeak ez duela esan nahi biurtekoak ezin direnik bereganatu. Sindikatuek azaldu dute langile gehienei zor zaiela diru hori. 

Madrilgo Auzitegi Gorenak Artiachen helegitea baztertu eta gero, erabaki irmoa da Orozkoko langileek exijitu ahal diotela enpresari euren soldataren %15eko ordainketa. Izan ere, epaileek arrazoia eman diote Jagoba Luengas abokatuari, hiru langileren izenean aurkeztutako salaketetan.

Letraduak frogatu du konpainiak hiru biurteko sor dizkiela aipatutako beharginei eta Bilboko arlo sozialeko epaitegiak, Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiak eta Madrilgo Auzitegi Gorenak bat egin dute aldarrikapenarekin.

Berez, langileek soilik jaso zituzten hiru bosturteko ordainak, hau da, soldataren %10, eta Artiachek sor zien beste %15 hiru biurteko betetzeagatik (%5eko saria biurteko bakoitzeko).

Oro har, lantegian jende orok ulertzen zuen biurtekoak kobratzea eta bosturtekoak kobratzea ez zela bateragarria, baina abokatuak erakutsi du ez zela lan hitzarmenaren interpretazio legal zuzena eta biak metatu daitezkela.

Lantegian jende orok ulertzen zuen biurtekoak kobratzea eta bosturtekoak kobratzea ez zela bateragarria, baina abokatuak erakutsi du ez zela lan hitzarmenaren interpretazio legal zuzena eta biak metatu daitezkela.

Biurtekoak eta bosturtekoak aldi berean eskuratu daitezke

Berez, Jagoba Luengasek lan hitzarmenaren erredakzioari erreparatu arte, inori ez zitzaion bururatu biurtekoak eta bosturtekoak aldi berean kobratu ahal zirela. Hau da, langileek zein sindikatuek uste zuten bata jasota ezin zela bestea eskuratu. Ordea, letraduak kontrakoa frogatu du.

Enpresak ordaindu beharko dituen diru kopuruak ez dira makalak. Esaterako, langile batekin 4.264,71 euroko zorra dauka eta beste batekin 2.796,24 eurokoa. Sindikatuek nabarmendu dutenez, langile gehienek betetzen dituzte ordainketak jasotzeko baldintzak. 

Sindikatuek baldintzak betetzen dituzten ordainketak exijitu dituzte

Aiaraldea Komunikabidea Artiachen LAB sindikatuko ordezkari batekin jarri da harremanetan eta honek aipatu dio langile erakundeek jadanik eskatu diotela biurteko atzeratuen ordainketa konpainiari. Momentuz ez dakite nola bideratu beharko duten hori, baina argi dute dirua eskuratu nahi dutela.

Halaber, sindikatuak azpimarratu du arazoa enpresak berak sortu duela: "Epai hau ez litzatekeen inoiz gertatutako Artiachek aurretik gauzak ondo egin izan balitu. Izan ere, trabak eta arazoak jarri ditu antzinatasuna ordaintzeko, ez baitzuen onartu nahi aldi baterako enpresen bitartez egindako kontratuak urte guztiak zenbatzerako orduan. Sindikatuok eraman behar izan genuen epaitegira hori eta afiliatuak ez zeudenek Jagoba Luengasen eskutik egin zituzten salaketak. Abokatuak irakurri zuen lan hitzarmena eta ikusi zuen biurtekoak kobratzeko aukera zegoela eta lortu du".

Sindikatuak, halaber, erantsi du zorra Artiachen ardura dela eta espero dutela ez saiatzea langileen eskubideak murrizten lan hitzarmen berrian.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide