Orozkok Binakako Serie B Txapelketako finalerdietako bat hartuko du ostiralean 20:45ean, baina norgehiagoka horren hitzaurre paregabea eskualdeko pilotariek jarriko dute.
Izan ere, Aiaraldeko bi profesionalak aurrez aurre arituko dira eta horrek gatz eta piper gehigarria emango dio kirol gauari. Alde batetik, Iker Larrazabal Olabezarreko kirolariak bikotea osatuko du Aimar Morgaetxeberriarekin. Beste bikoteak ere eskualdeko zaporea izango du Arkaitz Eskuza laudioarrak jokatuko baitu Peio Etxeberriarekin.
Binakako Serie B Txapelketako finalerdiak
Tokiko gazteek ez ezik, Binakako Serie B Txapelketako finalerdietan egoteko txartela ere lortu duten bikoteak Peña II-Salaverri II eta Murua-Gabirondo izango dira. Lehia oso estua egongo da finalean egoteko eta horren lekuko izango dira ikusleak.
Pasa den astean Aiaraldea Komunikabideak, Orozkoko Udalak lagunduta, zozketa hasi zuen sarrera bikoitza eskuratzeko eta bihar amaituko da izena emateko epea, eguerdian. Hemen parte har dezakete interesdunek.