Orozkoko kaleek telebista plato itxura hartzen ari dute azken egunotan, Infamia telesaila grabatzen ari baitira bertan. HBO Max streaming plataformak aurkeztuko du seriea eta Goya sarietara izendatutako Susana Abaitua izango da protagonista.
Telesaila Ledicia Costasen izen bereko eleberrian dago oinarrituta eta berrogeita hamar minutuko sei kapitulu izango ditu. Abaituarekin batera, Ane Gabarain, Jorge Bosch, Jon Olivares, Kandido Uranga eta Eva Llorach ikusi ahal izango ditugu pantailan, besteak beste. Evafilms ekoiztetxea arduratuko da produkzioaz, EiTBren lankidetzarekin.
"Misterioz eta emozioz beteriko thrillerra"
Horrela deskribatu du Eva Cebrián ekoizleak Ledicia Costasen liburua: "Eleberria irakurri nuenetik oso berezia zen zerbait zuela jakin nuen. Thriller kartsu bat da, misterioz eta emozioz beterikoa, suspensearen atzean giza-gatazkak esploratzen dituena eta ikuslea uneoro tentsioan mantenarazten duena".
Hain zuzen ere, Emma Cruz (Susana Abaitua) abokatuaren istorioa kontatuko du telesailak. Krisi existentzial betean dago eta konpondu gabeko kasu batekin obsesionatzen da: duela hogei urte gertatutako bi neskaren desagerpen misteriotsua. Kuriositate profesional gisa hasten dena laster bihurtzen da traumak bultzatutako obsesio arriskutsu: txikiak zirenean ahizpa hil izana eta horren errua sentitzea.
Herriaren fatxada itogarri eta klaustrofobikoaren atzean ezkutatutako sekretuak lurpetik ateratzeko ahaleginean, Emmak bere mamurik txarrenei aurre egin beharko die. Bere bilaketa nekaezinak edozertarako prest daudenen dianan kokatuko du, egia inoiz argitara atera ez dadin.
Gorbeiako zein Urkiolako Parke Naturaletan, Itxinako mendigunean, Enkarterriko eskualdean, Urdaibaiko Biosferaren Erreserban eta Barrikako Flyschean arituko dira grabatzen, eta baita Orozko, Areatza eta Turtziotz udalerrietan ere.
Orozko eszenatoki
Madril eta Bizkaiko paisaia naturalen artean banatzen da filmaketa. Berez, Gorbeiako zein Urkiolako Parke Naturaletan, Itxinako mendigunean, Enkarterriko eskualdean, Urdaibaiko Biosferaren Erreserban eta Barrikako Flyschean arituko dira grabatzen, eta baita Orozko, Areatza eta Turtziotz udalerrietan ere.
Zehazki, aste honetan bilakatu da Orozko seriaren eszenatoki, hainbat pasarte filmatu baitituzte Zubiaur auzoan, esaterako, dagoeneko itxita dagoen Arrugaeta tabernan eta inguruetan. Iñaki Garcia Uribek grabaketaren zati bat jaso du:
Trafiko etenaldiak eta aparkaleku murrizketak
Filmaketa dela eta, hainbat egunez ezin izan da Gorbeia aparkalekuan kotxea utzi eta trafikoaren zein oinezkoen aldizkako eteteak egon dira.
Ostiral honetan eta datorren astelehenean ere egingo dituzte grabazioak eta, beraz, trafikoan eta aipatutako aparkalekuan eragina izaten jarraituko du. Bereziki eragindako tartea Zubi Zaharretik Gorbeia kaleko 14. zenbakiraino doa.
Gauzak horrela, aldizkako mozketak martxoaren 6an 10:00-0:00 bitarteko ordutegian izango dira, eta hilaren 9an, aldiz 8:00-22:00 bitarteko ordutegian.