Salbador Ugarte Amundarain, orozkoar bat trikitiari emana

Maider Ramirez Martin 2026ko martxoaren 12a

Guillermo Etxebarria 'Artxanda' panderoarekin eta Salbador Ugarte Amundarain trikitiarekin, 1976an, Baranbioko Andra Mari Txiki jaietan kalejiran. / Juanti Salanovaren argazkia, Luiso Lopezek utzia.

Orain arte Salbador Ugarteren historia herrian ezezaguna izan bada ere, bere ibilbidea omentzeko ekitaldia egingo dute ostiralean Donibane Aretoan. Hango eta hemengo trikitilari eta panderojoleen artean, Kepa Junkera ere egongo da omenaldian, harreman estua izan baitzuen harekin.

Ez dira gutxi oroituak izatea merezi duten, baina urteen joanean galtzen diren historiak. Behinola herri baten bizitza osatzen zuten eta, hamarkadak igaro ahala, gutxi batzuen oroimenean baino geratzen ez direnen izenak.

Salbador Ugarte Amundarain Salba da horietako bat: 1901ean Orozkon jaioa, XX. mendeko trikitilari bizkaitar esanguratsuenetako bat izan zen. Ez da bereziki ezaguna izan herrian, orain arte, behintzat.

Izan ere, urte luzez bere historia itzalean egon bada ere, ostiral honetan kitatuko du bere jaioterriak haren memoriarekin duen zorra, omenaldi berezia egingo baitiote Donibane Aretoan. Ekitaldiak amaiera bikaina emango dio Iñaki Garcia Uribe Aranzadiko kideak eginiko ikerketari: dokumentazioa eta familiaren testigantzak oinarri hartuta, Ugarteren ibilbidea berreskuratu du bere herrikideak.

19:30ean hasiko da aitortza ekitaldia eta euskal musika tradizionala izango da protagonistetako bat. Bertaratuko diren trikitilari eta panderojoleen artean Kepa Junkera egongo da, Salbarekin harreman estua izan baitzuen.

Halaber, bere 84 urteek ez diote oztopo egingo Salbadorren alaba Merche Ugarteri oholtzara igotzeko, trikitilariei panderoaz laguntzera. Musikaz gain, Salbaren ibilbideari buruzko dokumentala aurkeztuko dute eta bertsoak ere ez dira faltako.

Salbador eta bere alabak jotzen. / Ugarte familiaren artxiboa

Salbador Ugarte eta bere alabak. / Ugarte familiaren artxiboa.

Orozkoko lehen soinujolea, akaso

Gaur gaurkoz gure-gurea dugun instrumentua da trikitia, baina berez, Goierri ingurura trenbideak eraikitzera etorritako Alpeetako langileek ekarri zuten Euskal Herrira, XIX. mendean. Zaldibiatik, hain zuzen, etorri ziren mende haren amaieran Amundarain anai-arrebak Orozkora bizitzera, eta zuhurtziaz jakitea ezinezkoa bada ere, baliteke haiek ekarri izana trikitia herrira.

Ugartetar batekin ezkondu zen Orozkon Amundarain andrea, eta Salbador semea ekarri zuten 1901ean.

Oso gazte hasi zen trikitia jotzen Salbador, 1912-1915 inguruan, eta segur aski Orozkon instrumentu hori jotzen zuen lehenengoetarikoa izan zen, Iñaki Garcia Uriberen arabera.

Baina garai hartako bizitza zaila eta iluna zen bailaran, eta 18 urte bete berritan Bilboko Errekalde auzora egin zuen alde Salbak. Bertan ezagutuko zuen zenbait hamarkada geroago Kepa Junkera, zeina autodidakta izan arren, lehenengo akordeak Salbadorri jo zituela ziur dago Garcia Uribe. Gainera, Junkeraren aitite izandako Roman Urraza zolloarrak panderoarekin lagundu zion askotan Salbadorren soinuari.

Roman Urraza panderoarekin eta Salbador Ugarte soinuarekin.

Salbador Ugarte Amundarainek bizitza osoa eman zuen jotzen: erromeriatan, herriko jaietan zein txarriboda eta familia-ospakizunetan.

Hil eta 34 urtera omenduko dute bere jaioterrian, Iñaki Garcia Uribek dioen bezala, hobe delako berandu inoiz ez baino. “Ez genuen bere historia ezagutzen eta, beraz, ez diogu baliorik eman. Hemendik aurrera hemerotekan, sarean eta ekitaldira joango garen guztion oroimenean geratuko da", adierazi du Aranzadiko ikerlariak.

Salbador Ugarte erromerian, panderojole eta dantzariez lagunduta. / Ugarte familiaren artxiboa.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide