Larunbat honetan itzaliko da betiko Presatxu baserriko labea, publiko zabalari begira behintzat. Hala iragarri zuen Mirentxu Azkoaga Barberenak duela hilabete, bere bezeroei zuzendutako gutun baten bidez. Bertan azaltzen denez, ez da izan “arinkeriaz” hartutako erabaki bat, “prozesu luze, zail eta oso hausnartuaren emaitza” baizik.
Bost urte igaro ditu Azkoagak okindegia aurrera ateratzen, bere ama Julia Barberenaren lekukoa hartuta. Zugarramurdin jaioa, familia aberatsentzako zerbitzari gisa aritu zen Barberena lanean munduko hainbat txokotan, Parisen eta Antilla Txikietan, besteak beste. Beste artikulu oso bat beharko litzateke bere gaztaroko abentura guztiak laburbiltzeko.
23 urterekin ezkondu zen Pablo Azkoaga orozkoarrarekin, eta bere familiaren baserrira joan zen bizitzera. Han hasi zen ogia egiten, bi mende lehenago eraikitako labea baliatuta. 1978. urtean joan zen bikotea lehenbizikoz Gernikako azokara ogi bakan batzuekin, eta hortik aurrera gora egin zuen negozioak. Barberena arduratzen zen ekoizpenaz, eta Azkoaga salmentaz. Bien talentuari esker, sona handia lortu du Presatxuko ogiak azken hamarkadetan, azken egunera arte mantendu dena.
“Nire ama ogia egiten hasi zen, bere amona ogia egiten gogoratzen zuelako, eta keinu sinple horretan oroimena, maitasuna eta sustraiak zeuden, beti lagun izan ditugunak eta izango ditugunak”, goraipatu du Mirentxu Azkoagak agur gutunean. Berak ere modu horretan ikasi zuen ofizioa, bere gurasoei ordu txikitan laguntzen, bere ahizpa Nerearekin batera.
Bezeroei eskerrak
“Pribilegio” gisa definitu du Azkoagak azken bost urteetako etapa motz baina bizi hau, eta bezeroak jarri ditu horren erdigunean. “Hori izan da, zalantzarik gabe, bide honetako gauzarik baliotsuena eta aberasgarriena”, ziurtatu du, eta aipamen berezia egin nahi izan dio Amurrioko asteroko azokari, hori izan delako Presatxuko labetik ateratzen den ogiaren merkatu nagusia.
Hilabete igaro da agur gutuna plazaratu zutenetik, eta hunkituta azaldu da Azkoaga ordutik hona jaso dituen bisita, babes keinu eta agur guztiekin. Hainbat hedabidek jaso dute ibilbidearen amaieraren berri, Orozkoko baserriko egiteko moduek hamarkadetan zehar pilatu duten ospe onaren seinale.
Hala ere, okindegiko kideek ez dute ezer berezirik egitea buruan agurrerako, ez behintzat publikoki. Eguneroko lana egiten emango diote amaiera mende erdiko ibilbideari, ogia oratzen, labearen azken garra itzali arte.