Larunbatean goiz eta arratsaldez bertsoek protagonismo osoa hartuko dute Orozkoko herrigunean. Izan ere, Bertsolari Beteranoen II. Txapelketa antolatu du Supaztarrean Kultura Alkarteak eta zortzi lagun gonbidatu ditu lehiatzeko.
Elkarteak azaldu duenez, ekimenean parte hartuko dutenak hautatzeko hiru irizpide izan dituzte, nahiz eta beti ez duten izan aukerarik betetzeko. Aurten, adibidez, parekidetasuna lortu dute eta lau gizonezko eta lau emakumezko arituko dira nor baino nor. Iaz soilik emakume batek eman zuen baiezkoa, eta azken uneko arazoen ondorioz, ezin izan zen bertaratu.
Bestalde, saiatzen dira lehiaketa ofizialetan parte hartzen ez duten bertsolariak erakartzen, Araban zaila den arren. Azkenik, Euskal Herri osoko lagunak ekartzen dituzte, baina aurten ezinezkoa izan da Iparraldeko sortzaileak biltzea.
Apirilaren 25ean hitzordua
Gauzak horrela, larunbateko zitak bi kanporaketa izango ditu. Lehenengoa Batzokian izango da 11:00etan eta Iratxe Ibarrak, Juanjo Respaldizak, Kristina Mardarasek eta Nahikari Gabilondok kantatuko dute.
Bigarren kanporaketa 12:30ean izango da Kalakan tabernan eta horretan Oihane Perea, Manolo Arozena, Serapio Lopez eta Bittor Elizagoien arituko dira.
Finala, aldiz, Iza Tarbernan egingo dute bazkalostean. Dena den, aurretik bazkariaz gozatuko dute eta mahaian tokia izateko 40 euro ordaindu beharra dago. Berez, izena emateko azken eguna bihar izango da. Bizum bidez egin daiteke ordainketa 674 084 567 telefono zenbakian edo tiketa erosi Induman.
Goiz osoan zehar trikitilariek girotuko dute herria eta Asier Ibaibarriagak, Saioa Mitxelenak eta Joseba Santxok egingo dituzte epaile lanak.