Aurtengo San Antolinak ilustratuko dituen kartela hautatzeko leihaketa abiatu du Orozkoko Udalak. Deialdian maiatzaren 4an herrian erroldatuta dagoen edozein biztanlek har dezake parte. Sari nagusia 300 eurokoa izango da eta bigarrena 150 eurokoa. Haurren kategorian 100 euroko balioa duen pintura-materiala emango diote irabazleari.
Orozkon erroldatuta egoteaz gain, hainbat dira bete beharreko baldintzak. Hala nola, lanak originalak izan behar dira, sekula argitara eman gabekoak eta beste lehiaketetan saririk jaso gabekoak. Teknika librea bada ere, formatu bertikalean aurkeztu beharko dira, DIN A3ko tamainan (420mm x 297mm).
Diseinuak honako testu hau izan beharko du: "Orozkoko Sanantolinak 2026. Irailaren 1etik irailaren 6ra". Udalak adierazi du debekatuta egongo dela adimen artifizialarekin egindako kartelik aurkeztea.
Lanak sinatu gabe eta goiburu bat atzealdean idatzita aurkeztu behar dira eta lehiakide bakoitzak hiru kartelekin parte hartu ahal izango du gehienez.
Lanak aurkezteko bi bide egongo dira, fisikoan ala digitalki. Aurrez aurre edo posta arruntaz entregatu daitezke Blas de Otero gizarte etxean (Zubieta etorbidea 5, 48410 Orozko).
Proposamenak posta elektronikoz ere bidali ahal izango dira helbide honetara: infoduma@yahoo.es edo infoduma.orozko@bizkaia.org, mezuaren gorputzean lanaren izenburua eta datu pertsonalak sartuta. Hemen ikus daitezke lehiaketaren oinarri guztiak.
Epaimahaia adituek eta herritarrek osatuko dute eta ekainaren 2tik 7ra egingo dute balorazioa. Egun horietan, kartelak Orozkoko Museoan edo Blas de Oteron egongo dira ikusgai. Aurrerago jakinaraziko du Udalak orozkoarrek nola bozkatu dezaketen.
Jaiak antolatzeko bilera
Jaiak modu parte-hartzailean antolatzeko bilerak egiten ari dira Orozkoko herritarrak. Hurrengoa maiatzaren 4an izango da, 18:30ean, gizarte etxean. Aurreko akta irakurri eta onartzeaz gain, elkarteen proposamenak jasoko dituzte, aurrekontuekin eta behar teknikoekin.
Egitaraua lantzen jarraituko dute baita ere, eta proposamenetarako tartea egongo da.