Moonshine Wagon protagonista Zaloako Jaietako X. urteurrenean

Aimar Gutierrez Bidarte 2026ko ekainaren 22a

Musika eskaintza zabala prestatu dute Zaloako Jai Batzordeko kideek. / Aiaraldea.eus

Udari ongi etorria emanez, ekainaren 26tik 28ra ospatuko dituzte Orozkoko Zaloa auzoko festak. Jai bereziak izango dira aurtengoak, Zaloako Jai Batzordeak X. urteurrena ospatuko du eta.

Zaloako bizilagunek gogotsu heldu diote 2026ko auzoko jaien antolakuntzari. Izan ere, egungo Jai Batzordeak antolatutako festen X. urteurrena da aurtengoa. Garai bateko Zaloako festek zuten sona berreskuratzeko asmoz gazte talde batek Zaloako Jai Batzordea sortu zuen 2016an; ordutik “herritik eta herriarentzako jaiak” antolatu dituzte auzolanean. “Gure aiton-amonen garaian jai handiak ziren Zaloakoak, baina galduz joan ziren. Txikiak ginenean egun bakarrekoak ziren festak, eta igandean ospatzen ziren. Auzoko gazteon nahia izan da festak berreskuratzea. Urtez urte indarra hartu eta hobetuz joan gara”, azaldu dio Jai Batzordeko Garazi Santacruzek Aiaraldea Komunikabideari.

Musika eskaintza zabala

Ekainaren 26tik 28ra luzatuko dira Zaloako Jaiak, ostiraletik igandera. Urteroko eskema jarraituko dute aurten ere, baina apustua koska bat gehiago igo eta ostiral gaua are gehiago indartzeko asmoa azaldu du Santacruzek. Horretarako ardura Moonshine Wagon folk taldeak izango du, aurtengo jaietako kartelburua. Hiru diska kaleratu eta mundu osotik zuzenekoak eskaintzen aritu ostean Zaloako oholtzara ekarriko dituzte bluegrass doinuak, auzotarrek kontzertu “apoteosikoa” espero dute. Moonshine Wagonekin batera Addar rock taldea arituko da. 2018an sortu zirenetik ibilbide oparoa egin dute bermeotarrek: lau disko kaleratu dituzte eta 2020an Rockein lehiaketako euskarazko musika talderik onenaren saria lortu zuten.

Herritarren neurrira

Jaietako larunbata ekintzaz beterik dator aurten ere: puzgarriak, herri kirolak, paella txapelketa… Paella txapelketak Orozkoko bizilagun asko elkartzen dituela azaldu du Santacruzek; “udari hasiera emateko modu aproposa da Zaloako paella txapelketara bertaratzea”.

Paella txapelketatik haratago ere, orozkokoarrak izango dira ekainaren 27ko protagonistak, zalantzarik gabe, eta musika eskaintzan agerikoa da hori. Herriko Ganorabakos taldeak eta DJ Arriagak jarriko diote erritmoa larunbat iluntzeari. Gautegun erromeria ere izango da Zaloako Jaietan, eta “hiru orduko emanaldi indartsua eskainiko du”.
Igande eguerdian agurtuko dituzte jaiak, bertsolari eta porra txapelketarekin.

Jai Batzordetik Zaloara gerturatzeko gonbita luzatu diete Orozko eta inguruko herrietako bizilagunei: “Erdu auzora eta gozatu gugaz!”.

EGITARAU OSOA 

Ekainak 26, ostirala

20:00 // Jaien hasiera
22:00 // Kontzertua: Addar eta Moonshine Wagon

Ekainak 27, larunbata

11:30 //  Meza eta pintxoak
12:15 // Paella Txapelketa
12:30 // Jasoka Herri Kirolak
14:30 // Paellen aurkezpena 
17:00 // Kalaka egurrezko jolasak
19:30 // Garagardo dastatzea
21:30 // Kontzertuak: Ganorabakos, DJ Arriaga eta Gautegun erromeria

Ekainak 28, igandea

13:00 //  Bertsolariak
13:00 // Porra Txapelketa
13:00 //  Pintxoak, zozketa eta jaien amaiera

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide