Orozkoko udalbatzak oso bestelako bi efemerideren urteurrena eraman zuen eztabaidara osoko bilkuran, eta aho batez onartu. Izan ere, 1876ko uztailaren 21ean Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako foruak indargabetu zituen legearen 150. urteurrena da horietako bat eta bestetik, 1976an Bergaran sortutako Alkateen Mugimenduaren 50. urteurrena.
EAJ eta EH Bilduren babesa lortu zuen testuak salatu du Euskal Herriko eskubide politiko eta instituzionalak kentzea, bai Hegoaldean zein Iparraldean, zerbait antidemokratrikoa izan zela. Iparraldean Iraultza Frantsesaren esku heldu zen eta Hegoaldean foru-erregimenaren murrizketa eta abolizio prozesuen bitartez.
Kontrara, udal osoko bilkuran goraipatu zuten 1976an Bergaran sortutako Alkateen Mugimendua, Euskal Herriko izaera nazionala mahairatu zuena, eta uztailaren 19an herri berean egingo den ekitaldian parte hartzera deitu zuen.
Orozkoko Udalak berretsi du, halaber, Euskal Herriko herritarrek dutela euren etorkizun politikoa modu libre eta demokratikoan erabakitzeko eskubidea, eta herri-borondate demokratikoa dela edozein estatus politiko edo instituzionalen oinarri nagusia.
Era berean, udalbatzak aipatu du beharrezkoa dela autogobernuan eta foru-integrazioan urrats berriak egitea, eskubide historikoak gaur egungo behar demokratiko, sozial eta instituzionaletara egokitzeko.