Hiru egunetan zehar sormenean murgilduta egon da Orozkoko sei haurrez osatutako talde bat, herriko hainbat eragilek antolatutako Klaketa egonaldi artistikoetan.
Berez, Beatriz Ibañez psikopedagogoaren (Hazi Zuria) eta Kuluxka Antzerkia konpainiaren arteko elkarlanetik sortu zen proiektua, baina azaldu dute aurrera joan ahala hainbat bidelagun batu zaizkiela ekarpena egin nahian: Jentilbaratze kooperatibak laga die espazioa, Blanca Aguado perkusionistaren doinuez gozatu dute eta makilatzaile profesional batek ere lagundu die karakterizazioan.
Orozkoko eta Zubiaurreko kondaira eta txokoetan inspiratutako film labur bat grabatu dute hiru egun horietan. Haurrek antzerkia, gorputz-adierazpena, ikus-entzunezko sorkuntza, musika eta mugimendua dituztela adierazi dute antolatzaileek: "Pertsonaiak sortu dituzte, eszenak entseatu dituzte, Orozko eta Zubiaurreko kondaira eta txokoetan inspiratutako film labur bat grabatu dute, eta perkusioa eta Static Dance esperimentatzeko aukera izan dute".
Herriko talentua balioan jarri dute eta aurten estreinatutako ekimena datozen urteetan errepikatzeko nahia adierazi dute antolatzaileek.