Itxinan Barrena Trail lasterketaren lehen edizioa ate-joka

Aimar Gutierrez Bidarte

Urriaren 17an izango da trail lasterketaren estreinako edizioa. / Itxinan Barrena

Dena prest dute Orozkon Itxinan Barrena trail lasterketaren lehen edizioa hartzeko. Urriaren 17an ehunka korrikalari elkartuko dira herrian, eta antolatzaileek egun osoko egitaraua prestatu dute, kirol-probatik harago.

Trail lasterketa berria du eskualdeak. Aiaraldeko zein Euskal Herriko korrikalari askoren egutegian dago honezkero datorren urriaren 17an Orozkon egingo duten Itxinan Barrena lasterketa. Antolatzaileek azaldu dutenez, "Itxina mendiguneko paisaia basatienak zeharkatzen dituen mendi lasterketa zorrotz eta teknikoa da" hurrengo asteko larunbatekoa.

Bi ibilbide proposatu dituzte: 34 kilometroko luzera eta 2.000 metro desnibela duen lasterketa nagusia eta 14 kilometroko lasterketa laburra.

Biek ala biek Itxina mendiguneko "espiritu bakarra" ordezkatzen dutela ziurtatu dute antolatzaileek. Gorbeiako Parke Naturaleko txoko ikusgarriak zeharkatuko ditu lasterketak. Bi ibilbideek Kurtzegango Menhirrean egingo dute bat, besteak beste, korrikalariak animatu nahi duen ororentzako toki egokia bihurtuz espazio hori. 

Iragan irailaren 17an itxi zen lasterketan parte-hartzeko izen ematea. Guztira ia 400 korrikalari batu dira estreinako hitzordura, eta ziurtzat jo daiteke lehenengo edizioaren arrakasta.

Egun osoko egitaraua

Kirol probatik harago, ekintza ugari antolatu dituzte urriaren 17rako Orozkon bertan, lasterketako parte-hartzaileei zein Gorbeiako Parke Naturalera gerturatuko diren ikusleei zuzenduak. Goizean puzgarriak eta jazz ekitaldia egongo dira Zubiaur Plazan eta arratsaldean Ustekabe Txarangak girotuko ditu herriko kaleak. Iluntzean, aldiz, DJ Arriaga egongo da festa giroa luzatzen.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide