Lehen mailako arazoa bilakatu da etxebizitzarena, eta horrek isla izan du Orozkon ere. Gai horri buruzko herri kontsulta abiatu du Udalak, udalerriko errealitatearen eta herritarren beharrizanen berri lehen eskutik jasotzeko.
Urriaren 31ra arte egongo da galdetegia erantzuteko aukera, tokiko erakundearen webgunean edo udaletxean bertan.
Hainbat arlori buruzko galderak planteatu dituzte azterketan: etxebizitzarako sarbidea, egungo bizitegi-egoera, etxebizitza bilatzeko beharrak, etxebizitzen eta eraikinen birgaitzea, hutsik edo gutxi erabilita dauden etxebizitzak eta baserriak, alokairu eskuragarria, irisgarritasuna eta energia-eraginkortasuna, besteak beste. Horrez gain, galdetegiak beta ematen du datorren urtean abian jartzeko "lehentasunezko hiru neurri" aukeratzeko.
Duela 15 urte Orozko zen proportzioan etxe huts gehien zituen Hego Euskal Herriko 2.000 biztanletik gorako udalerria, Espainiako Estatistika Institutuak 2011n eginiko azterketaren arabera.
Aingeru Olaguenaga Iza zinegotziak Azalera podcastean eman zituen galdetegiaren gaineko azalpenak. Bere hitzetan, “herritarren lehentasunak” zeintzuk diren ezagutzea da egitasmoaren xedea.
Etxe hutsen ehuneko handiena duen udalerrietako bat
Etxe hutsen ehuneko handiena duen udalerrietako bat da Orozko. 2011n Espainiako Estatistika Institutuak eginiko azterketaren arabera, Aiaraldeko herria 30. postuan zegoen etxe hutsen ehuneko handiena zuten 2.000 biztanletik gorako udalerrien zerrendan, eta lehena zen Hego Euskal Herrikoen artean, %33,13ko tasarekin.
Dena den, azterketa hori ez da berriro errepikatu azken 15 urteetan, eta egoera nabarmen aldatu ahal izan da ordutik hona.