Bizkaibuseko 3613 lineak atzerapen handiekin funtzionatzen duela salatu dute Orozkoko erabiltzaileek

Aitor Aspuru Saez

Bizkaibus enpresa publikoko unitateak. / Wikipedia

Laudioko anbulatorioan jarri duten geltoki berriak eragiten ditu atzerapenak, erabiltzaileek arabera, eta neurriak hartzeko eskatu diote Bizkaiko Foru Aldundiari.

Bizkaibuseko 3613 linearen funtzionamenduak ezinegona sortu du Orozkoko erabiltzaileen artean. Izan ere, Laudioko anbulatorio berrian geltokia jarri eta gero, atzerapenak gertatzen ari dira eta horrek arazoak sortzen dizkie autobusak hartzen dituzten ikasle zein langileei.

Berez, Orozko eta Bilbo lotzen ditu linea horrek eta atzerapenek udalerri guztiei eragiten badiete ere, bereziki larria da egoera Orozkon, udalerriko garraio publikoaren alternatiba bakarra delako, azaldu dutenez.

Beharginei ere kalteak sortzen dizkien arren, orozkoarrek azpimarratu dute goizero gazte askok Laudio, Amurrio edo Urduñako ikastetxeetara joan behar izaten dutela eta beste askok unibertsitatean ikasten dutela. Ondorioz, Aretara joan behar izaten dute trena hartzera eta hori galtzen dute zerbitzua atzeratzen bada.

Bi autobus jarraian eta gero ordubeteko itxaronaldia

Orozkoko ikasleen gurasoek zabaldutako testuan aipatu dute atzerapenek erabat aldatu dutela zerbitzuaren maiztasuna: "Orain arte ordu erdiro ateratzen ziren bi autobusak, orain 10 edo 15 minutuko aldearekin iristen dira zenbait unetan. Gero ia ordubete pasa daiteke hurrengo autobusera arte".

Anbulatorioan jarritako geltokia atzerapenen iturburua bada ere, orozkoarrek argi dute hori ez dela arazoa eta zentzu guztia duela garraio publikoa haraino heltzea. Edonola ere, Bizkaiko Foru Aldundiari eskatu diote mugikortasun arazoari ikuspegi zabalagoarekin erantzuteko.

Gainera, atzerapenak metatzen dira: "Autobus bat bere ibilbidearen amaierara berandu iristen denean, atsedenaldiak eta gidarientzat aurreikusitako txandak ere aldatzen dira. Batzuetan, hurrengo ibilbidea hasi ondoren aldatu behar izan da gidaria, are atzerapen handiagoa gehituz".  

Anbulatorioarekin arazorik ez

Anbulatorioan jarritako geltokia atzerapenen iturburua bada ere, orozkoarrek argi dute hori ez dela arazoa eta zentzu guztia duela garraio publikoa haraino heltzea. Edonola ere, Bizkaiko Foru Aldundiari eskatu diote mugikortasun arazoari ikuspegi zabalagoarekin erantzuteko. Zehazki, "ibilbide berria behin betiko finkatu aurretik beste aukera batzuk aztertzea eta mugikortasunaren azterketa globala egitea" eskatu dute. Euren ustez, "azterketa horrek baloratu beharko lituzke ibilbide berriak behar dituen benetako denborak, maiztasunen banaketa, gidarien antolaketa eta, batez ere, aldaketa horrek egunero linea erabiltzen zutenentzat dituen ondorioak". 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide