Irrintzi Eguna ospatuko dute datorren azaroaren 14an Orozkon. Iaiaiai Irrintzi Taldeak hauspotu du egitasmoa, eta Euskal Herrian ospatzen den gisa lehendabizikoa izango da. Tokiko irrintzi taldeak, "irrintzia publiko zabalari gerturatzeko nahiak bultzatuta antolatu du eguna. Horretarako egitarau zabal baten aterkipean toki desberdinetatik etorritako jendea elkartzea dute xede.
“Iaiaiai Irrintzi Taldeak tradizioa eta garaikidetasunaren arteko oreka dugu lan ardatz, eta hori hedatu nahi dugu Irrintzi Egunarekin”, azaldu dio Nerea Iglesias taldekideak Aiaraldea Komunikabideari.
Egun osoko egitaraua
Jendea Orozkora bertaratzeko egun osoko egitaraua prestatzen ari dira Iaiaiai Irrintzi Taldeko kideak. “Goizeko 11:00etatik arratsaldeko 19:30etara luzatuko da egitaraua” aurreratu du Iglesiasek. Datorren astean aurkeztuko dituzte programazioaren xehetasun guztiak.
Aurreratu dutenez orotariko ekintzek gorpuztuko dute Irrintzi Eguna: literatura, ikus-entzunezkoak, erakusketa, kontzertua, dantza… “Arte diziplina desberdinetatik irrintziari heldu eta irrintziarekiko interesa sortzen jarraitzeko eguna izango da azaroaren 14a”, nabarmendu du Iglesiasek.
"Irrintzi Olatua"
Programazioan sakondu gabe eguneko ekintzarik bereziena larunbat eguerdian egingo dutela jakinarazi dute Iaiaiai taldeko kideek: Irrintzi Olatua. Irrintzi kolektiboa izango da Irrintzi Olatua; “Orozkora bertaratutako toki desberdinetako irrintzilariek irrintzi bateratu bat egitea da asmoa” Iglesiasen hitzetan. Zehaztu dutenez 40 lagun baino gehiago elkartu nahi dituzte ekimenean modu aktiboan parte hartzeko. “Parte hartu nahi duen orok Iaiaiai Irrintzi Taldearekin harremanetan jartzea besterik ez du”, jakinarazi du Iglesiasek. Gainera, Euskal Herriko irrintzilariak ez ezik, beste kulturetako oihuak ere ongi etorriak izango dira ekimenean.
Euskal Herri mailan erreferentziazko eguna antolatzea dute helburu, eta urtez urte hitzordua errepikatzea: "Bokazioa da urtez urte antolatzea eta Orozko Euskal Herriko irrintziaren topagune bilakatzea. Oraindik ere espresio artistiko askotan du tokia irrintziak, eta hori indartzen jarraitu nahi dugu".