Orozkoko txokoak marraztu eta erretratatzeko erronkari heldu zioten atzo Euskal Herria Sketchcrawl taldeak eta Supazterrean Kultura Elkarteak antolatutako ekimenean. Euskal Herriko hainbat tokitatik zein Portugal eta Koreatik bertaratutako 20 marrazkilari elkartu zituen egitasmoak.
"Euskal Herriko lehenengo Sketchcrawla 2011an izan zen Donostian eta hor elkartu ziren marrazkilariek martxan jarri zuten taldea, 2012an. Ordutik, hiru hilabetean behin elkartzen da herrialdez herrialde. Azkenak Leitza, Donapaleu, Azpeitia eta Agurain..." azaldu dio Aiaraldea Komunikabideari Gorka Velasco parte hartzaileak.
"Lehenengo hitzordua Orozkoko museoan izan da. Bisita gidatuaren ostean marrazkilariak herritik sakabanatu dira haien koadernoetan islatzeko begietatik ikusten zutena, eguraldia lagun", nabarmendu du Velascok.
Argazkiak: Gorka Velasco