GOTZON MARTIN

“Hau izan da nire denboraldirik onena”

Aimar Gutierrez Bidarte

Gotzon Martin Orozkon, irabazitako maillota eskuta duela. / Aiaraldea.eus

Ahaleginak eta bi egin ditu Euskaltel Euskadi txirrindularitza taldeak denboraldia munduko 30 talde onenen artean bukatzeko, eta GOTZON MARTIN (Orozko, 1996) giltzarri izan da bide horretan. Lortutakoaz luze mintzatu da.

Denboraldia lehenengo egunetik azken egunera lehiatu ostean atsedena hartzea dagokizu orain. Ohi baino gehiago luzatu da zure egutegia?

Karrera kopuruari dagokionez izan dut beste urteren bat lasterketa gehiagorekin. Baina egutegiko lehenengo lasterketak diren Valentziako klasikoetan hasi nuen denboraldia, eta egutegiko azken egunera arte lehiatu dut. 

UCI sailkapeneko lehenengo 30 taldeen artean sartzea lortu duzue denboraldi amaieran.

Denboraldia oso ondo hasi genuen. Urte hasieran ez genuen lehenengo 30en artean sailkatzeko asmorik, inondik inora. Ez genuen horretarako talde aproposik. Aurtengo denboraldian ez dugu fitxaketarik egin diru faltagatik. Gainera, aurreko denboraldiko bi esprinterrak taldetik kanpo geratu ziren; David Dekker lesio baten ondorioz geratu zen kanpoan eta Jon Aberasturirentzat ere ez zegoen zer eskaini, aurrekontu falta zela eta. Aurreko denboraldiko talde berdinarekin ekin genion denboraldi berriari, talde ahulagoa akaso.

Denboraldia, ordea, oso ondo hasi genuen eta gure burua TOP-30aren barruan ikusten hasi ginen. Denboraldi erdiko blokean, ordea, beherakada izan genuen. Txapelketa nazionaletan puntuak lortzeko talde egokirik ez dugu guk eta UCI sailkapeneko beste talde batzuek aurrea hartu ziguten: Bardianik, Hungariako MBH Bank-ek… Horren ostean etorri ziren Ordiziako klasikoa, Eslovenia… udako lasterketa horietan ondo moldatu ginen baina errematatzea falta izan zitzaigun, eta sailkapeneko aurkariek gurekiko zuten distantzia are gehiago handitu zen.

Frantziako Cholet Agglo eta Vendée lasterketetan, bai eta Aljerian jokatutakoetan, ikusi genuen oraindik ere aukerak bagenituela. Frantzian puntu asko atera genituen eta asko hurbildu ginen TOP 30ean sartzera.

Noiz ohartu zineten bazegoela sailkapenean tokia egitea?

Hong Kongen jokatutako lasterketaren ostean ikusi genuen bagenuela sailkapenean sartzeko aukera.

“Gakoa ez zelako soilik puntu asko egitea, baizik ete gure aurkariak ziren taldeek punturik ez lortzea”

Aljerian, ordea, bazegoen Euskaltel-Eusakdiren aldeko sugarra piztuta.

Piztuta agian bai, baina nik oso zail ikusten nuen. Gakoa ez zelako soilik puntu asko egitea, baizik eta gure aurkariak ziren taldeek punturik ez lortzea. Eta Italiako urte amaierako klasikoek gure kontra egiten zuten. 

Hong Kong zen gure egutegian programatutako azken lasterketa. Azken momentuan erabaki genuen Panamara joatea. Bi aukera genituen mahaigainean urriaren 18aren aurretik puntu gehiago lortzeko: edo Panama edo Serbia. Aurkariek zer egingo zutenaren zain egon ginen erabakia hartu aurretik. 

Hong Kongen bukatu behar zenuen denboraldia, baina azken momentuan Panamara bidaiatzea erabaki zuen taldeak. Exijentzia maila altua izan da azken hilabeteetan.

Panamara gindoazela esan zidatenean behera etorri nintzen (barreak). Hong Kongen bukatu behar nuen denboraldia eta burua horretarako nuen prestatuta. Eta halako batean, Panama! Horrek aste oso bat gehiago eskatzen zigun etxetik urrun eta lehian. Panamara joatea ez da Hong Kongetik Txinako beste hiri batera joatea bezalakoa, bi eguneko bidaia oso luzea izan zen.

Jorgek [Azanza] asko animatu eta motibatu gintuen; beti alai beti bromak egiten. Behin Panamara iritsita oso ondo egon gara, oso giro ona izan dugu.
Eraman genezakeen talderik onena eraman genuen Panamara: Berasategi, Isasa, Hodei, Gari… Lehenengo egunean oso ondo egin genuen eta bigarrenean hobeto. Hirugarrena pixkat korapilatu zitzaigun, baina lortutakoari eustea zen helburua, beraz pozik.

Asko gustatu zaigu lasterketa. Hiru egunak oso politak izan dira, eta bertako antolakuntzak oso ondo zaindu gaitu. Gauzak ateratzen direnean gustura egotea erraza da.

“Beti izango dut buruan Panama, profesional mailako nire lehen garaipena”

Garaipen batekin borobildu duzu gainera bai Panamako bidaia, baita denboraldia ere.

Bai, beti izango dut buruan Panama. Profesional mailako nire lehen garaipena izan da gainera. Gaur egun oso zaila da garaipena lortzea, lasterketa guztietan dagoen maila itzela da; hamargarren postu bat garaipen bat bezala ospatu behar duzu, besoak altxatu ez arren (barreak).

Esan daiteke beraz, egin beharrekoak eginda amaitu duzuela denboraldia?

Lortu dugu bai munduko 30 talde onenen artean sailkatzea, eta horri esker datorren urtean Espainiako Vueltan edo beste lasterketa handi batean parte hartu ahalko dugu. Auskalo non egongo garen, espero dugu batean parte hartzea, behintzat. Baina orain beste batzuei dagokie horren alde lan egitea, bulegoetatik.

“Uste dut Burgosek duela Tourrean egoteko aukera gehien. Aurten Total Energies taldeko hiru txirrindulari frantziar fitxatu dituzte; keinu bat da Tourrera begira”

Frantziako Tourreko parte-hartzearen inguruko zurrumurrua ari da zabaltzen azken egunotan.

Antolatzaile bera dute Espainiako Vueltak eta Frantziako Tourrak, eta mahaigainean dauden piezekin osatuko dute puzzlea. Argi dago Caja Rural, Burgos eta gu lasterketa horietakoren batean egongo garela; ikusteke dago bakoitza non. Uste dut Burgosek duela Tourrean egoteko aukera gehien, aurten Total Energies taldeko hiru txirrindulari frantziar fitxatu dituzte. Izan ere, ez dago argi Totalek datorren denboraldian jarraituko duen edo ez. Hiru frantziar fitxatzea keinu bat da Tourrera begira. Gu itzuli handi batean egotearekin pozik. Tourrean egotea izugarria litzake eta egia da Mikelek [Landa] izan dezakeela tiroia. Akaso Tourrak ere nahiko lituzke beste urte batez Pirinioak eta Alpeak marea laranjak harturik ikustea.

UCI puntuen bila buru-belarri aritu zarete eta txirrindulari guztien lana izugarria izan da. Horrek taldea indartzeko balioko zizuen ere.

Piña handia egin dugu. Talde erdia Aljerian zegoen bitartean gainerako guztiak adi-adi geunden, lortzen genuen puntu bakoitza zenbatuz. Eta kontrara. Panaman geundela ere izugarrizko babesa jaso genuen gurekin etorri ez ziren gainerako taldekideen partetik.

Lehenengo 30 taldeen artean sailkatzeko aukera parez pare izatea egundoko motibazioa izan da guretzat. Ate asko zabaltzen zaizkigu datorren denboraldiari begira, horien artean itzuli handi bat lehiatzeko aukera. Nik dagoeneko hiru Espainiako Vuelta ditut eginda, baina mundu guztiari esaten diot maiz, nahiko nukeela laugarren bat lehiatu.

2024an lehiatu genuen gure azken Espainiako Vuelta. Hurrengo urtean parte hartzeko langa TOP-30ean jarri zuten, eta bi denboraldiz egon gara hortik kanpo. Aurten ezinbestekoa genuen lehenengo 30 taldeen artean sailkatzea.

Zer du berezia Espainiako Vueltak zuretzat?

Oso lasterketa gogorra da. Lehia biziko 21 egun dira, ia atsedenik gabe. Beroa izugarria da, erritmoa oso altua da… Mentalki oso ondo egon behar da prestatuta. Nik hiru ditut eginda eta horrek lasaitasuna ematen dit. Nire bigarren ediziora lesio larri batetik iritsi berria nintzela egin nuen, eta amaitzea lortu nuen. Uste dut beste bi Espainiako Vueltan nire maila eman dudala, eta gustura geratu naiz egindako lanarekin. Badut errepikatzeko gogoa.

Mikel Landa izango duzue taldean datorren denboraldian. Horrek ere emango zizuen motibazioa?

Bai, bai, bai. Bilera ia guztietan aipatzen ziguten datorren denboraldian Mikel izango genuela gurekin. Presio eta motibazio puntua izan da aldi berean. Denok amesten dugu itzuli handi batera Mikelekin joan ahal izatea, are gehiago etaparen bat irabazteko aukerak dituela jakinda.

Mikel bera ere Panaman izan duzue. Taldearekin duen konpromisoa ukaezina da.

Nik aurretiaz nekien Panaman izango zela, bere anaiak esan zidalako. Baina gainontzeko guztiek ez zekiten ezer, Jorgek berak ere ez. Panamako lehenengo lasterketan helmugan azaldu zen ikurrina eskutan, talde guztia zur eta lur geratu zen. Gure hotel berean egon da eta oso gertutik animatu gaitu.Agerikoa da taldearekin duen konpromisoa eta horrek ilusio handia transmititzen du.

“Agerikoa da Mikel Landak taldearekiko duen konpromisoa eta horrek ilusio handia transmititzen du”

Itzuli handietatik haratago, zer helburu jarri dizkiozu zure buruari datorren denboraldiari begira?

Nire ustez azken hau izan da orain arteko nire denboraldirik onena. Puntuei begiratuta, UCI puntu gehien lortu ditudan urtea izan da. Datorren urteari begira nire helburua bera izango da. Beraz espero dut denboraldi ona eta erregularra egitea, eta itzuli handi batera joateko aukera izanez gero hori ondo prestatu ahal izatea. Mikel taldean egonda aurreikustekoa da UCI puntu asko lortuko dituela eta horrek lasaitasuna emango digu askori. Baina, aldi berean, Mikelentzako lan egin beharko dugu eta horrek ahalegin extra bat suposatuko du. Niretzat oso motibagarria da. Nik Mikelekin harreman itzela daukat. Egunero entrenatzen dut berarekin, denbora asko pasatzen dugu batera. Lagun batentzat lan egitea da.

Euskal Herriko Itzulian aritzeko gogoak ditut ere. Urtero parte hartu dut bertan, taldea Pro Continetal, mailara igo zenetik. Aurten Itzulia bukatu bezain laster Hainaneko Tourrera [Txina] bidali ninduten, eta egun bakarreko atsedena izan nuen tartean. Puntuen bila aritzeko lasterketa horietako bat zen Hainanekoa, baina mesedez, Itzulia ez kentzeko eskatu nion taldeari. Nahiago nuen biak egitea Itzulia galtzea baino.

"Datorren denboraldirako oso indartuta irudikatzen dut nik marea laranja. Jendea gogoz dago Mikel mailot laranja soinean ikusteko"

2018tik daramazu profesional mailan lehiatzen. Asko aldatu da kirola urte hauetan guztietan?

Hasi nintzen denboraldian talde kontinentala ginen. Getxoko klasika, Amorebieta, Portugalgo itzulia… horiek ziren gure lasterketak. Gogoan dut sufritzen pasa nuela lehen urte hura; ondo nenbilen baina ez nuen inoiz nire burua aurrean ikusten. Hurrengo urtean, ordea, Abimotako Itzulia irabazi nuen Portugalen; ez zen UCI mailako lasterketa baina Portugalgo talde profesional guztiek parte hartu zuten. Inflexio puntua izan zen, hortik aurrera ikusi nuen pauso bat eman nezakeela aurrera. Euskaltel Pro Continetal mailara igo zen gainera, eta hirugarren denboraldi hura oso ondo hasi nuen. Pandemiaren ondorioz lasterketa gutxiago genituen baina emaitza onak eskuratuz nindoan: Burgosen mendiko saria irabazi nuen, Italiako klasikaren batean bosgarren postua lortu nuen… Hortik aurrera uste dut urtero hobetu dudala. Eguneroko lana da. Entrenamenduak eta konstantzia.

Egia da gaur egun tropelean dagoen erritmoa ez dela duela urte batzuk generamana. Lehen askoz lasaiago aritzen ginen. UCI rankingak eta puntuen beharrak talde guztiak jarri ditu alertan. Guk badugu lehenengo 30 taldeen artean sartzeko gure norgehiagoka, baina talde handienek ere badute bere lehia sailkapeneko lehen postuan mantentzeko edo UCI World Tour kategoria ez galtzeko. Badirudi gu bakarrik garela puntu bila gabiltzanak, baina UAE taldeak ere puntuen beharra du lehen postuan mantentzeko; berdin LIDL Trekk edo beste edozein.

Presioa oso agerikoa izango da orduan.

Lasterketetan asko nabaritzen da hori, hiru puntu eskuratzeko ere sprint biziak egoten dira.

Presio horren gainetik zaleen bultzada dago. Nabaritu duzue marea laranja atzetik denboraldiko une erabakigarri honetan?

Sareetan egundoko olatua sortu da. Panaman ginela Twitterren sartzen ginen maiz eta zaleak flipatzen ikustea izugarria zen.

Datorren denboraldirako oso indartuta irudikatzen dut nik marea laranja. Jendea gogoz dago Mikel mailot laranja soinean ikusteko.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide