Sanantolinei buruzko iritzia jaso nahi ditu Orozkoko Udalak eta gai zehatzei buruzko galdetegia egitea proposatu die herritarrei hemen. Atzo bertan sareratu zuen galdetegia.
Tokiko erakundeak oso gai zehatzak plazaratu ditu zazpi galderen bidez orozkoarren ideiak eta hausnarketak jasotzeko: egitarauan zer erantsi edo kendu, nor izendatu pregoilari...
Turismo plana Gorbeialdean
Bestalde, Gorbeiako Turismoko Plan Estrategiko berria (2026-2030) osatu nahi dute eremu horretan barreiatuta dauden udalerri anitzek, eta horretarako galdetegia prestatu dute ere Gorbeialdeko Kuadrillak eta ADR Gorbeialdek.
Egitasmoaren xedea da Bizkaia eta Araba artean dagoen inguru horretako herritarrek euren iritzia eskaintzea turismoaren arlo anitzei buruz. Izan ere, galderek fenomeno horren inguruko esparru anitzak jorratzen dituzte eta norberak erantzun dezake uste duenaren arabera.
Batzutan adierazpen batzuk puntuatu beharko dituzte parte hartzaileek, jakiteko zein neurrian dauden horiekin ados. Beste batzuetan, aldiz, lehentasunak ezarri beharko dituzte aukera ezberdinen artean.
Berez, planaren helburuak dira nortasuna duen garapen ekonomikoa sustatzea, tokiko enpresentzat eta langileentzat aukerak sortzeko eredu orekatu eta jasangarri baten bidez; baliabideen kudeaketa hobetzea, bisitarien eta bertako herritarren arteko bizikidetza harmonikoa bermatzeko; eta Gorbeiaren izaera eta nortasuna zaintzea, paisaiak, herriak, kultura eta bizimodua babestuz.