Orozkoko aisialdian gaztelania da nagusi, herritarren %73 euskalduna izan arren

Aiaraldeko Euskalgintzaren Kontseilua

Orozkoko aisialdi eskaintzaren %67,3 gaztelania hutsean egiten da. / Aiaraldea.eus

Aiaraldeko Euskalgintza Kontseiluak egindako azterketaren arabera, euskararen presentzia ez dator bat herriko errealitate soziolinguistikoarekin. Helduen aisialdia eta kirola dira hutsunerik handienak dituzten arloak.

Orozkoko aisialdi eskaintzaren hizkuntza errealitatea aztertu du Aiaraldeko Euskalgintza Kontseiluak 2026ko txostenean. Guztira, 52 jarduera aztertu dituzte: horietatik 27 udalaren eskaintza publikokoak dira, eta gainerakoak herriko elkarte, eragile eta eskaintza pribatuetakoak. 

Azterketaren arabera, gaztelania da aisialdiko hizkuntza nagusia, nahiz eta Orozko herri euskalduna izan. Izan ere, 2021eko datuen arabera, herriko euskalduntze indizea %73koa da. Hala ere, aisialdi eskaintzaren %67,3 gaztelania hutsean egiten da; %23,1 euskaraz eta %9,6 elebitan.

Helduen aisialdia, hutsunerik handiena

Txostenak bereziki azpimarratzen du helduei zuzendutako eskaintzaren egoera. Udalaren helduentzako jardueren %82,6 gaztelania hutsean eskaintzen dira, %17,4 elebitan, eta ez da euskarazko jarduerarik identifikatu. Aisialdi eskaintza orokorra kontuan hartuta, helduen jardueren %86,7 gaztelania hutsean egiten dira. Horren ondorioz, helduek aukera gutxi dituzte aisialdia euskaraz bizitzeko eta euskarazko harreman sareak sortzeko.

Helduek aukera gutxi dituzte aisialdia euskaraz bizitzeko eta euskarazko harreman sareak sortzeko.

Kirol arloan egoera ahula

Kirolaren arloa da euskararen presentzia txikiena erakusten duenetako bat. Jardueren %82,1 gaztelaniaz eskaintzen dira, eta %17,9 euskaraz. Kontseiluak gogorarazi du kirola sozializaziorako gune garrantzitsua dela, bereziki haur, gazte eta familientzat. Horregatik, lehentasunezko arlotzat jo du kirol-jardueretan euskararen erabilera sustatzea.

Haur eta gazteen eskaintzan egoera hobea

Udalaren haur eta gazteei zuzendutako eskaintzan euskararen presentzia nabarmen handiagoa da. Jardueren %57,1 euskaradz eskaintzen dira eta %42,9 elebitan; ez dago gaztelania hutsezko jarduerarik. Eskaintza osoa aztertzean, ordea, haur eta gazteen jardueren %46,2 euskaraz egiten dira, %15,4 elebitan eta %38,5 gaztelaniaz. Datu horiek erakusten dute hizkuntza irizpide sendoak aplikatuz gero aisialdi eskaintza euskaldunagoa izan daitekeela.

Artearen eta musikaren egoera

Artearen arloan, eskaintzaren %75 gaztelania hutsean egiten da, %16,7 euskaraz eta %8,3 elebitan. Musikaren kasuan, jardueren %75 elebitan eskaintzen dira eta %25 gaztelaniaz. Hala ere, txostenak ohartarazi du jarduera horietako asko banakako klaseak direla. Horregatik, taldeko jardueretan euskararen erabilera bermatzea bereziki garrantzitsua dela dio, harreman sareak eta hizkuntza ohiturak bertan sortzen direlako.

Ondorio nagusia da Orozkoko aisialdi eskaintzak ez duela behar bezala islatzen herriko errealitate soziolinguistikoa.

Euskarazko aisialdia sustatzeko proposamenak

Egoera hobetzeko, Kontseiluak helduentzako eskaintza euskalduntzea proposatu du, euskaraz sozializatzeko espazio egonkorrak sortuz. Kirol arloan hizkuntza irizpideak ezartzea ere gomendatu du, entrenatzaileen hizkuntza erabileran, komunikazioan eta talde arteko harremanetan eraginez. Era berean, arte eta kultura eskaintzan euskaraz lan egiten duten sortzaileak, elkarteak eta enpresak lehenestea proposatu du.

Horrez gain, eskatu du udalaren eta herriko eragileen arteko elkarlana sustatzea eta aisialdi eskaintzaren hizkuntza errealitatearen urteroko jarraipena egitea, egindako aurrerapenak neurtu eta hobekuntzak identifikatzeko.

Aiaraldeko Euskalgintza Kontseiluaren ondorio nagusia da Orozkoko aisialdi eskaintzak ez duela behar bezala islatzen herriko errealitate soziolinguistikoa. Euskararen ezagutza maila handia izan arren, aisialdiko hizkuntza nagusia gaztelania da oraindik. Horregatik, udalaren lidergoa eta herriko eragileen arteko elkarlana ezinbestekotzat jo ditu, herritar guztiek, adina edozein dela ere, aisialdia euskaraz bizitzeko aukera izan dezaten.

Txostenaren arabera, euskararen normalizazioa ez da udalaren ardura bakarrik. Herriko kirol-taldeek, elkarteek, akademiek eta kultur eragileek ere eragin zuzena dute herritarren hizkuntza ohituretan. Hala ere, administrazio publikoak eredugarri izan behar du eta euskararen normalizazioan lidergoa hartu behar duela azpimarratzen du Kontseiluak.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide