Orozkoko Ahotsak kanpaina aurkeztu dute sare sozialetan, LGTBIQ+ pertsonen tokiko errealitatearen diagnostikotik. 2024ko martxoan abiatu zuten ariketa: “Urtebeteko ibilbide horren helburua izan da tokiko testuinguruan errotuta dauden sexu- eta genero-aniztasunaren inguruko bizipenak, jarrerak, erronkak eta beharrak identifikatzea, eta, horietatik abiatuta, politika publiko eraginkorrak diseinatzeko oinarriak eskaintzea”. Hala, ez dute helburutzat kokatu, abiapuntu gisa baizik, “aniztasuna aitortuko duen eta errespetuaren, enpatiaren, aitortzaren eta gizarte sentsiblizazioaren alde egingo duen herri bat eraikitzeko”.
Maskulinoa eta femeninoa gizonezkoak eta emakumezkoak definitzeko kategoria bakartzat hartzen dira Orozkon, salatu dutenez. Horrek, erasoak eta bazterketa eragin dizkie kanon horretan sartzen ez diren gainerako pertsona eta identitateei: “Pertsona transen, lesbianen, gayen eta bisexualen bizipenak nahiko desberdinak badira ere, egia komun bat partekatzen dute: LGTBIQ+fobia. Diskriminazioa eta bazterketa hainbat esparrutan, hala nola gizartean, kulturan, ekonomian eta politikan, besteak beste”.
Espazio digitaletan ekimenaren sustatzaileek aitortu dutenez, tokiko politikek funtsezko zeregina dute eskubideen eta bizi kalitatearen bermegintzan. “Orozkoko ahotsak”, baina, ikusgarri bilakatu dituzte espazio digitaletan; “Elkarrizketatutako pertsonen esaldiak eta pentsamenduak” lehen lerrora ekarriz.
Esaldien ilustrazioak Enara Bravo orozkoarrak egin ditu, eta diagnostikoa etxez etxe zabaldu dute. Horrez gain, Ezpelan, Museoan eta hainbat tabernetan jarri dute egindako lana ikusgai.
Elisabeth Perez Hernando eta Enara Bravo arduratu dira koordinatzeaz, eta lau helburu edo ardatz jorratu dituzte: ikusgarritasuna eta komunitatea artikulatzea; LGTBIfobia, sexilioa eta gizontasuna.
Testigantzen erakusketa
“Orozko: herri txiki, infernu handi” deitu diote ekimenari. Elisabeth Perez Hernando eta Enara Bravo arduratu dira koordinatzeaz, eta lau helburu edo ardatz jorratu dituzte: ikusgarritasuna eta komunitatea artikulatzea; LGTBIfobia, sexilioa eta gizontasuna. “Orozko batzuetan da espetxe edo kartzela txiki bat, gauza asko ezin dira egin”, dio lekukotzetako batek. Espazioetan epaitzeko joerak ere azaleratu dituzte: “Ez goaz horra zeren inkomodo sentitzen gara. Beti daude batzuk, eta begirada epaitzaileak beti daude”.
Sexu eta genero identitate anitzen harira, aske adierazteko zailtasunek hor dirautela ekarri dute gogora: “Badakit jende gehiago dagoela, baina ohartu egin naizelako, ez esan dutelako”. Erreferente falta ere aipatu du zenbaitek: “Gaia ez dago presente, ekainean pankarta batekin bakarrik. Ez dut erreferenterik izan herrian”.
Norena da, ordea, arazoa? “Arazoa ez zara zu, herriko jendea da agian. Gay edo marika bezala ateratzea zailagoa da hemen, eta trans moduan… zer esanik ez”. Sexilioaren ondorioak ere ikusi dituzte Orozkon: “Laudion gehiago daude, baina Orozkon zero. Ez ditut herrian ikusten, eta aisialdia herritik kanpo egiten dute”.
Irain eta rol normalizatuak
Zaintza emozionalaz ere mintzatu dira, “Mutilen artean ez dago hori. Harroputzena, matxoteena da kuadriletan agintzen duena. Bere irainak eta biolentzia dira erakargarriak”. Jasotako irainak gogoan, horien eragina ere aitortu du batek: “Beti iraindu naute marika izateagatik. Marika deitzen ninduten, ni marika nintzela ohartu aurretik”.
Pisua edo garrantzia kentzea izaten da beste joera bat, askotan. “Txantxa izan da, pisua kentzen. Erasotu zutena mezu politiko bat zen. Hori jendea ez zuen ondo ulertu herrian”.
Orozkoko ahotsek, bizipenek eta indarkeriek, badute ikusgarritasunik orain herrian.