Larunbatean jasoko du Urduñak "II.Urduña Hiria Ziklokros Sari Nagusia", neguko denboraldiko lehen proba. Bertako Txirrindulari Elkarteak antolatu du saria, eta iazko arrakasta ikusita eskaintza areagotzea dute. Hala, egun osoan zehar egongo da zer ikusia. Izan ere, goizean, gazteen lehiaketa egongo da, eta arratsaldean helduena. Prentsa oharrean zabaldu dutenez, guztira, 250 txirrindulari baino gehiagoren parte hartzea aurreikusi dute.
Umeentzako proba irekia
Alabaina, 10:15ean umeentzako egokitutako zirkuitua egokituko dute, kirol hau praktikatzeko aukera eskainiz. Parte hartu nahi duen orok bere bizikleta eta kaskoa eraman beharko ditu.
Lasterketaren irteera eta helmuga puntua Herri Eskola izango da. Ibilbidea zezen-plaza barrutik, Mugarri auzunetik eta Kintanako zelaitik ere igaroko da, Mariaren Lagundiako larreetan gora behera ugari gainditu beharko dituztelarik. Goizeko txanpa ofiziala 11:00etan hasiko da, eta arratsaldekoa 14:00etan. Sari banaketa, aldiz, 17:15etan izango da.
Iazko edizioarekin alderatuta norabidea izango da berrikuntza nagusia, ikusgarritasun eta segurtasun gehiago emateko kontrako norantzan garatuko baita proba. Horrez gain, inguru guztian zehar megafonia egongo da, bertaratzen den orok lasterketaren inguruko nondik norakoak ezagutzeko aukera izan dezan.
Lasterketaren aurreikuspenek Aitor Hernández eta Meritxell Henales kokatzen dituzte faborito. Iaz Aitor Hernández eta Alicia González izan ziren garaile. Aurten, baina, Alicia Gonzalezek ezingo du Urduñan lehiatu, Catarren jokatuko den mundu mailako lasterketan egongo baita.