"Urduña 1936" taldeak Memoria Historikoaren inguruko jardunaldiak antolatu ditu irailaren azken astebururako. Hainbat hitzalditan oinarrituko da egitasmoa. Ekitaldiak irailaren 29an hasi eta urriak 1ean amaituko dira.
Irailaren 29an, esaterako, Javier Gomezek Urduñako gerra eta errepresio egoera izango du hizpide. Zehazki 1936-1940 urte bitartean gertatutakoaz mintzatuko da. Biharamunean, berriz, Ramon Zurimendik azalduko du zergatik izan ziren urte horretako abuztua, abendua eta maiatza hilabete bereziak Urduñarentzat.
Azken eguneko hitzaldia bikoitza izango da, Aritz Ipiña eta Jon Penchek hartuko baitute parte. Lehenengoak Urduñako udal langileen depurazio frankista izango du hizpide, eta bigarrenak Asistentzia Sozialaren Sailburutzak egindako lana, Frantzian erbesteratu ziren euskaldunen inguruan.
Solasaldi guztiak doakoak izango dira, eta Alondegian egingo dituzte 19:00etan. Urriaren 1eko hitzaldia izango da ordutegi ezberdina izango duen bakarra, 18:00etan hasiko baita.