Antzinako gauzen azoka egongo da bihar, irailaren 10ean, Urduñako Foru plazan. Goiz osoan zehar hainbat herritatik hurbildutako zaleek haien postuak jarriko dituzte.
Besteak beste, antzinako gailuak, etxe tresnak, jostailuak... ikusteko aukera egongo da. Baita erostekoa ere. Antigoaleko Lagunen Elkarteak antolatutako egitasmoak arrakasta handia izan du azken urteetan. Hori dela eta, geroz eta gehiago dira Urduñara bertaratzen diren saltzaile eta zaleak.
Beherapenen merkatua
Bestalde, irailaren 18an, hurrengo igandean egingo du Urduñako Merkatarien Elkarteak pagotxen azoka. Aurtengo nobedadea txakolin eta gazta dastaketa izango da, eta Turismo bulegoaren eskutik eguerdian gauzatuko dute.
Ekimenaren barruan, hiriko merkatarien produktuak ezagutu eta prezio merkeagoan eskuratzeko aukera egongo da. Jakinarazi dutenez, haurrentzako puzgarriak eta kale animazioa ere egongo dira.