Gaurdanik irailaren 10era ospatuko dira aurten Antzina auzoko jaiak. Ospakizunak ostegunean hasiko dira, urtero bezala, santutegian egingo duten mezarekin.
Ondoren, bertaratzen direnentzako luntxa egongo da. Txupina, baina, ostiralean jaurtiko dute, 17:30ean. Horren ostean, haurrentzako jolasak egongo dira. Ez edonolakoak, ordea: bizikletaz gozatzeko jokoak ere antolatu dituzte eta.
Iluntzean, aldiz, edateko txokolatea banatuko dute, 20:00etan, hain zuzen. Ostiral zein larunbat gaua girotzea Dj Ra-ren esku geratuko da.
Larunbatari patata tortila txapelketak emango dio hasiera, 11:00etan. Arratsaldean mozorro lehiaketa egingo dute. Aurtengo nobedadea apar festa izango da. Festak behar bezala bukatzeko auzokideen afaria ere izango da, eta ondoren Dj Ra-ren emanaldia. Antolatzaileek aurreratu dutenez, gainera, parrandazaleen indarra ez agortzeko 03:00etan berakatz zopa banatuko dute.